Bihartik, Emakumeentzako Jabetze Eskolan izena emateko aukera

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 11a, 00:00

Jade bikotearen kontzertuak iragarriko du ikasturte berria, urriaren 14an.

Jabetze Eskolen udazkeneko ikasturte berria Jade bikote kubatarrak iragarriko du, kontzertua eskainiz urriaren 14an, Leokako
labaderoan.

Ate joka dugu udazkena, eta horrekin batera, askotariko gaiak lantzeko tartea izango dute Hernaniko emakumeek Jabetze Eskolan, besteak beste, osasun mentala eta feminismoa; munduko emakumeen literatura, batukada feminista eta barrez lehertzeko ikastaroak; nork bere burua zaintzeko, konfiantza lantzeko eta ahalduntzeko tailerrak; konfiantza lantzeko eta eroso komunikatzekoa. Horrez gain, Emagunea bueltan da: «jatorri askotariko emakumeentzako kulturarteko gune iraunkorra». 

Jabetze Eskolan zortzi tailer edo ikastaro eskainiko dira irailaren amaieratik aurrera. Emaguneko lehenengo hitzordua, berriz, irailaren 15ean izango da. Tailer eskaintza horretan, ibilbide eta esperientzia oparoa duten irakasleak izango dira, hala nola: Ana Murcia Guevara (Sorburu), Clara Wolfram Perez, Nerea Redondo Otamendi, Arantxa Albizu Escobar, Ainara Sarasketa Alberdi, Mertxe Tranche Iparragirre, Beatriz Egizabal, Paki Caballero, Maider Oiartzabal Ziganda, Idoia Telleria Maritxalar eta Su Hernández Aparicio.

Izena emateko aukera egongo da bihartik aurrera, eta hainbat modu daude horretarako: Kulturarteko Plaza Feministara gerturatuz, kulturartekoplazafeminista@hernani.eus helbide elektronikora idatziz, edota 943 33 70 17 telefonora deituta. Bide hauez gain, izenematea online egiteko aukera egongo da, bihartik aurrera. 

 
Ikasturte berriari hasiera, Leokan 

Urteroko ohiturari eutsiz, Leokako labaderoko musika emanaldiak iragarriko du emakumeentzako Jabetza Eskolako ikasturte berria. Aurten, Jade bikotearen kontzertuaz gozatzeko aukera izango da, urriaren 14an, gaueko 22:00etan hasita. Eguraldiarengatik aire librean ezingo balitz egin, Kulturarteko Plaza Feministan egingo litzake. Bikote kubatarrak osatutako taldea da Jade; Yanaysa konpositorea eta bokalista nagusia da, eta Maygred, gitarra eta bigarren ahotsa. Musika tradizionaleko eta Kubako herri-musikako doinuak ekarriko dituzte Hernanira. 

 

«Emakumeen ahalduntze prozesuan eragitea»

Jabetze eskola, hausnarketarako eta formaziorako topagunea dela argi utzi nahi izan dute Jabetze Eskolakoek: «Emakumeok geure eskubideen alde egiteko, gure bizitzetan autonomia eta konfiantza izateko eta beste emakumeekin sareak sortzeko espazioa». Eta helburu argiak dituzte: «emakumeon jabetze edo ahalduntze prozesuan eragitea, hain justu». Eta helburuak lortzeko egingo dutena ere jakinarazi dute: «gure errealitatea ikuspegi feministatik aztertuko dugu, eta berau aldatzeko tresnak eskuratuko ditugu. Jendarte justuago baterantz urratsak emanez». 

Amaitzeko, Berdintasun Arlotik emakume guztiak animatu nahi dituzte parte hartzera: «gerturatu Kulturateko Plaza  Feministara eta gure arteko sareak ehuntzen jarraituko dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!