18 hilabeteko obren ostean, ostiralean inauguratu zuten tren geltokia

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 10a, 00:00

Xabier Lertxundi, Denis Itxaso eta Renfeko zenbait ordezkari, ostiralean.

Xabier Lertxundi, Denis Itxaso eta Renfeko ordezkariak izan ziren bertan, eta balorazioa egin zuten. 

Ostiralean inauguratu zuten Hernani Erdia Aldirietako tren geltokia. 18 hilabete iraun duten obrak amaituta, geltokiak izango dituen abantailen berri eman zuten Denis Itxaso Espainiako gobernuko delegatuak, Xabier Lertxundi herriko alkateak eta Renfeko zenbait ordezkarik.

«Hernaniko Udala zoriontzeko eguna da gaurkoa. Izan ere, geltoki berria inauguratuko dugu gaur. Beharrezkoa zen zahar-berritze prozesua, batez ere irisgarritasuna bermatzeko eta Karabel zein erdigunea modu seguruan lotzeko», aipatu zuen Itxasok. 

Bere aldetik, Lertxundik ere adierazi zuen egindakoa aurrerapauso haundia izan dela: «Hernani herriak merezi duen tren geltokia dauka orain. Aspaldiko eskaera zen geltoki irisgarria eta segurua edukitzea, eta espero dugu berrikuntza honek garraio publikoaren erabilera sustatzen lagunduko duela». 

Aipatu zutenez, geltoki horretan sortutako joan-etorrien eguneko batez besteko kopurua, lanegunetan, 1.600 bidaiariko da egunero. Renfek jakitera eman duenez, denera, 3.651.996,60 euroko inbertsioa egin da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!