Berrikuntza gisa, dantza klase irekia izango da Leire Otamendi dantzariarekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 9a, 00:00

Leire Otamendi dantzaria. Argazkia: Leioako Udala

Biteriko kultura ikastaroen izen-ematea zabalik dago, eta hilaren 16ra arte luzatuko da. Informazioa: Biterin eta 'kultura.hernani.eus'.

2022-23 ikasturterako kultura ikastaroen matrikulazioa zabalik da dagoeneko, eta irailaren 16ra arte luzatuko da. Antolatzaileek aurreratu dutenez, kopurua baino ikasle gehiago matrikulatu diren kasuetan, zozketa egingo da epea itxi eta lau egunera, irailaren 20an. Informazioa zehaztuta dago kultura.hernani.eus webgunean. Besteak beste, ikastaroei begira, daude joskintza, antzerkia, dantza (latinoa, hip-hop, funky, garaikidea...), egur taila, zeramika, pintura, yoga, tai chi kung eta beste hainbeste aukera. Izen-ematea kulturako webgunean edota Biterin bertan egin daiteke: goizez, 09:00etatik 13:00etara eta, arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara.

Aurten, gainera, berrikuntza gisa, dantza garaikidean murgildu eta ikastaroan zer eskainiko den ezagutzeko, doako klase ireki bat eskainiko du Leire Otamendi dantzariak. Datorren irailaren 13rako zehaztu dute horretarako hitzordua, arratsaldeko 18:00etan, Biterin.

Txaro Unzilla irakasleak urte luzez Biterin dantza eskaini du, baina erretiroa hartuta, Leire Otamendik emango ditu klaseak hemendik aurrera. Otamendi txikitan hasi zen balleta ikasten Donostian, eta urte luzetako formakuntza jaso du hainbat herrialdetan. Zenbait konpainia esanguratsutan dantzatzen du kolaboratzaile gisa, hala nola, Kukai, Lasala edo Doos Colectivo.

Gauzak horrela, aldez aurretik aipatutako klasean parte hartzeko interesa dutenek, izena eman dezakete kultura@hernani.eus helbidean edo, bestela, Biteriko sarreran.


Sormena eta emozioak lantzeko tailerra txikientzat

Txikiei eskainiko zaien ikastaro honetan, haur bakoitzak norbere autoezagutzarako bidea garatuz, sormena landuko da. 2 eta 5 urte bitarteko haurrei eskainitako ikastaroa da, eta gorputza, emozioak eta harremanak landuko dira Ane Irurtia irakaslearen laguntzarekin.

Ikastaroaren egutegiari zein ordutegiari dagokionez, astelehenetan eskainiko dira saioak, 17:00etatik 18:00etara. Prezioa, berriz, 40,44 eurokoa da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!