«Gure bezeroen %70 hernaniarra da»

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 10a, 00:00

Hika arropa markako produktuak, Ibaimendin.

Aukera zabala dago Ibaimendin: mendiko arropa, kalekoa, mota askotariko oinetakoak, motxilak, eta beste asko. 

1997. urtean ireki zuten Ibaimendi, Ane Rodriguezek eta Koldo Alkortak. 25 urte bete dituzte aurten, buru-belarri lanean, eta denda aski ezaguna da herrian zein Urumea bailaran. 

 
Nolakoa da zuen lana?

Ematen duena baino zertxobait konplexuagoa da. Agian, badirudi produktuak hemen izaten ditugula salgai eta listo, baina lan haundia dago honen guztiaren atzean. Guk, esaterako, arropa eta gainerako material guztia dendara iritsi baino urtebete lehenago erosten dugu. Pentsa, datorren urteko udako guztia erosia dugu dagoeneko, kanpaina edota salmentak zer nolakoak izango diren jakin gabe. Hala ere, urte asko daramazkigu honetan, eta trukoa hartua dugu. Gainera, hauxe da gustuko duguna, eta horrexegatik gaude honetan. 

 

Nola antolatzen dituzue eskaerak?

Hoteletan izaten ditugu hitzorduak markekin. Modako markak, mendikoak, oinetakoenak... Dendarako behar ditugunekin jartzen dugu hitzordua. Beraiek aurkezten dizkigute produktu guztiak eta dituzten berrikuntzak, eta guk, ondoren, aukeraketa egiten dugu. Beharrezkoa da aktualizatuta egotea, tendentziak izugarri aldatzen baitira urte batetik bestera, eta ezinbestekoa da horrekin adi egotea. 

 

Herritarrak, Hernanikoak, dira zuen bezero fidelenak?

Datafonoari esker, estatistika atera dezakegu. Eta bai, erosketen % 70 hernaniarrena da, eta gainerakoa astigartarrena, goizuetarrena, urnietarrena... 

 

Zein da zuen lanaren alderdi onena?

Guk antolatzen dugu gure lana, eta hori da gehien gustatzen zaiguna. Gu gara gure egitekoen arduradunak, eta erabakiak hartzeko askatasun osoa dugu. Horrez gain, gustuko dugu bezeroekin dugun tratua eta gertutasuna; hori gure lanean  izateak poza ematen du. 

 

Eta txarrena?

Zenbaitetan, buruhausteak izaten ditugu, ez baita erraza beti lehenengoan asmatzea eskaerekin. Edonola ere, esan bezala, hauxe da gustuko duguna, eta hanka sartzea ere lan guztien parte da. 

 

Une honetan, zer da gehien saltzen ari dena?

Iraila da, eta ikasturte hasierarekin batera, urtero-urtero arrakasta haundia izaten dute Altus motxilek. Aurten ere, noski, horixe da gehien saltzen ari dena. Gaur bertan hiru edo lau saldu ditugu!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!