«Betiko ilusio berdinarekin» bueltan, auzoko jaiez familian eta lagunartean gozatzeko

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 10a, 00:00

Aurreko bi urteoetan festarik gabe egon ondoren, atzo hasi ziren Zikuñagako Jaiak, eta egun osoan zehar izan zuten zerekin gozatua, jaieguna aprobetxatuz. Gaur eta bihar izango dute segida festek, eta «dantza eta barre» egiteko gonbitea luzatu dute auzo elkartetik.

Arraroak izan dira azkeneko bi irailak, Zikuñaga auzoan: ezin izan dute festarik ospatu, pandemiaren eraginez. Hiru urteko itxaronaldiari, atzo eman zioten bukaera auzotarrek, Zikuñagako Jaiei hasiera eman zien txupinazoarekin. Indartsu hasi zituzten festak, eta giro ederrean pasa zuten aurreneko eguna, jaieguna zela aprobetxatuz: buruhaundiak, jolas parkea, apar festa, playback lehiaketa, Zuttik elektrotxaranga...

Suziri hotsaren ondorengo kalejira ikusi besterik ez zegoen, konturatzeko gogotsu zeudela festen itzulerarako, etenaldi luzearen ondoren. Trikitilariak eta panderojoleak gidatuta, auzoan zehar ibili ziren saltoka, eta baita korrika ere, buruhaundien maskurikadei ihesi. Bereziki alaia izan zen kalejirako momentuetako bat: geldialdia egin, eta Polka dantzatu zuten 30 bat lagunek, trikitilariak markatutako erritmoari ia jarraitu ezinda, momentu batzuetan.


Horixe izan da, hain juxtu, jaietako antolatzaileen nahia: «Bi urte luze eta gogorren ondoren, betiko ilusio berdinarekin gatoz, familian eta lagunartean gozatzeko gure jaietaz. Bizitzaren alde, egin dezagun dantza eta barre!», luzatu dute gonbitea, Zikuñagako auzo elkartetik.

 

Zikuñagako Amaren omenez, aurreneko meza ermita berrian

Hiru urte dira Zikuñagako Jaiak azkenekoz ospatu zituztela, baina izan dute zer ospatua ere, denbora luze honetan: aurtengo martxoaren 26an inauguratu zuten Zikuñagako Amaren ermita berria, auzoaren gaineko aldean, Orkolaga baserriaren ondoan. Jendetza elkartu zen egun hartan, Zikuñagako Ama Birjinaren irudia ermita barrura sartzen laguntzeko, eta ermita berriko estreinako meza bertatik bertara entzuteko.

Zikuñagako Amaren ermita berrira mugituko dute festa, bihar goizean. Argazkian, danborrada inaugurazio egunean.
 

Eta ospakizun hori, bihar borobilduko dute, Zikuñagako Ama Birjinaren egunean, irailaren 11n. Haren omenezko meza eskainiko dute ermita berrian, estreinako aldiz. Goizeko 10:00etan izango da, eta inaugurazioaren egunean bezala, auzotar eta herritar asko gerturatuko dira bertara. Hori horrela, itxita egongo da ermitara igotzeko aldapa ibilgailu pribatuentzat, goizeko 09:00etatik 13:00etara. Oinez igo ahal izango da, eta mikrobusa ere prestatu dute, behar dutenentzat. Hiru txandatan egingo du joan-etorria mikrobusak, Zikuñagako errotondako autobus geltokitik abiatuta, 09:00etan, 09:15etan eta 09:30etan. Ermitatik jaisteko, berriz, bi txanda izango dira, 11:15etan eta 11:30etan.

Martxoan aurreratu zuen Zikuñagako auzo elkarteak, ermita jaien parte izatea nahi zutela; eta halaxe gertatuko da bihar, ez baita meza soilik izango. Elizkizunaren ondoren, Ereñotzuko Ozenki abesbatzak emango dio segida ekitaldiari, hainbat pieza eskainita bertaratuei. Eta ospakizuna bukatzeko, erromeria egin eta kalejiran jaitsiko dira auzora, Hernaniko txistularien eta San Joan Konpartsako kideen laguntzaz.

Ipurdikoak jasotzeaz gainera, buruhaundiak gertutik ezagutzeko aukera izan zuten haurrek, atzo goizean.

 

Haurrentzako makina bat ekintza eta mota guztietako doinuak, gaurkoan

Bihar mugituko dute festa ermita berrira, baina hori baino lehen, auzoan jarraituko du ospakizunak, gaurkoan. Atzo hasitako bidetik segiko dute jaiek, eta bereziki, haurrentzako ekintzak eta mota guztietako doinuak izango dira protagonista.

Haur eta gaztetxoentzako jokoekin hasiko dute goiza, eta ez diete atsedenik emango eguerdian ere: dantzan jarriko ditu auzotar guztiak Jenny Perlazak, aerorumba saioa eskainita.

Goizez zein arratsaldez aritu ziren puzgarrietan saltoka, etxeko txikienak.
 

Eta segidan izango da aurtengo nobedadeetako bat, Zikuñagako Jaietan: Holi Party delakoa egingo dute. Izatez, hinduismoaren ospakizun erlijiosoa da, eta nagusiki, ospatzen da Indian, Nepalen eta biztanleria hindu nabarmena duten herrialdeetan. Udaberriko ospakizuna da Holi Party, eta horretan, kolore bizietako hautsak botatzen dizkiote elkarri. Izan ere, alaitasuna esan nahi du holi hitzak. Gaur egun, hinduak ez diren Asiako hegoaldeko herrialde askotan ere ospatu ohi dute, eta Europako eta Ipar Amerikako herrialdeetara ere iritsi da. Hernanin bertan, Zelabideko festetan ere egin zuten, 2019an eta 2021ean; eta baita Astigarragan ere, 2019ko Inauterietan. Oraingoan, Zikuñaga beteko dute kolore biziz.

Ez da goizeko azkeneko jarduera izango gainera: hautsekin alaitasuna zabaldu ondoren, urarekin guda egingo dute. Ondo pasatzeaz gainera, gorputza eta arropa pixka bat txukuntzeko ere balioko die horrek, etxerako bidea hartu aurretik...

Lasaiagoa izango da arratsaldearen hasiera, baina ez horregatik aspergarria. Magia ikuskizuna izango da arratsaldeko 17:00etan, eta denak txundituta uzteko prest etorriko da Marsel magoa. Eta arratsaldea borobiltzeko, merienda goxo-goxoa prestatuko dute segidan: txokolatada izango da.

Haur bat irripartsu, airean zintzilik zilipurdika, atzo goizeko jolasetan.
 

Hortik aurrera, musikak hartuko du protagonismoa, baina oso doinu ezberdinekin. Aurrena, Arraiketai txaranga ibiliko da kalez kale, auzoko txoko guztiak alaitzen. Iluntzean izango da festetako zita seinalatuetako bat: danborrada aterako da 20:00etan, danbor eta barril hotsak zabaltzeko asmoz, Zikuñagako Amaren doinu alaiaren airera. Eta gauean, DJ Nemux disko jartzailearen musikak hartuko du auzoa, zezensuzkoak denak korrika jarri ondoren.

Sagardo dastaketak eta herri kirolek errematea, asteburu borobilari

Zikuñagako Amaren ermita berrian hasiko dute jaietako azkeneko eguna, auzotarrek; eta bertan izango da ospakizunen aurreneko erdia, biharkoan. Beste erdia, berriz, auzoan bertan egongo da prest, denak ermitatik jaisten direnerako. Bi hitzordu potolorekin jarriko diote errematea, asteburu borobilari: sagardo dastaketa izango da aurrena, eguerdiko 12:00etan; eta herri kirolek hartuko dute protagonismoa ondoren, 13:00etan.

Erakustaldi polita eskainiko dute herri kirolariek, maila haundiko harrijasotzaileak eta aizkolariak egongo baitira bertan. Lau partehartzaileetatik hiru izango dira emakumezkoak, gainera. Harriak jasotzeaz arduratuko dira bi gazte: Imanol Royo Lartain zarauztarra eta Udane Ostolaza oriotarra. 17 urte dauzka Lartainek, eta aurtengo maiatzean, 185 kiloko harria jasotzea lortu zuen. Urtebete gazteagoa da Ostolaza; eta joan den urtean, 15 urterekin, 85 kiloko harria jaso zuen. Etxetik datorkio afizioa, Joseba Ostolaza baita bere aita, zazpi aldiz Euskal Herriko txapeldun izandakoa: lau aldiz harri haundietan, eta hiru aldiz harri txikietan.

Aizkoran, berriz, Nerea Arruti urnietarra eta Murillo el Frutoko Beatriz Tanco ariko dira. Urrezko Aizkolarien Txapelketa irabazi berri du Arrutik, finalean Nerea Sorondo beratarra eta Laiene Pikabea ereñotzuarra menderatuta. Binakako Euskal Pentatloia ere irabazi du aurten, Amalur Arbelaitz oiartzuarrarekin batera. Denbora gutxi daramaki urnietarrak herri kiroletan, baina sekulako hobekuntza erakutsi du ordutik, eta maila haundia ari da ematen. Ez da askoz ere beteranoagoa Beatriz Tanco, herri kiroletan: duela hiru urte hasi zen, baina hainbat txapelketatan hartu du parte dagoeneko, baita Euskal Herrikoan ere. Aurtengo uztailean, hirugarren sailkatu zen Nafarroako Aizkolari Txapelketan.

Herri kirolariek beraien lanak bukatuta, eta sagardo botila guztiak hustuta, jaiei bukaera emango diete: azkeneko trakarekin agurtuko dituzte, aurtengo festak.

 

EGITARAUA

GAUR, larunbata

11:00, Haur eta gaztetxoentzako jokoak.

12:30, Aerorumba saioa, Jenny Perlazarekin. Ondoren, 'Holi Party'.

Ondoren, Urarekin guda.

17:00, Magia saioa, Marsel Magoarekin.

Ondoren, Txokolatada.

19:00, Arraiketai txaranga, auzoan zehar.

20:00, Danborrada.

22:30, Zezensuzkoak.

Ondoren, DJ Nemux.

 

BIHAR, igandea

10:00, Zikuñagako Amaren omenezko meza, ermitan. Mikrobusa egongo da errotondako autobus geltokitik igotzeko (09:00, 09:15 eta 09:30) zein jaisteko (11:15 eta 11:30).

Ondoren, Ozenki abesbatza.

Bukatzean, Erromeria eta kalejira auzoraino, Hernaniko txistulariek eta San Joan Konpartsak lagunduta.

12:00, Sagardo dastaketa.

13:00, Herri kirol erakustaldia:

-Harrijasotzaileak: Imanol Royo 'Lartain' eta Udane Ostolaza.

-Aizkolariak: Nerea Arruti eta Beatriz Tanco.

Ondoren, Jaien amaiera, trakarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!