Aitor Lizarazu lehiakor Malagan, onenen artean

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 10a, 00:00

Hondartzako Espainiako Boleibol Txapelketan, Fuengirolan, kanporaketa fasean kaleratu zen hernaniarra. 

Aitor Lizarazu hernaniarrak Espainiako Hondartzako Boleibol Txapelketa jokatu zuen joan den astean, Fuengirolan. Pablo Pasterra donostiarrarekin batera parte hartu zuen, eta helburua «12 onenen koadroan sartzea» bazen ere, txapelketatik kanpo gelditu ziren sailkapen fasean, oso maila altuko parte-hartzaileen artean 17. postua lortuta.

Gizonezkoen kategorian, txa­peldun izan ziren Pablo Herre­ra eta Adrián Gavira. Emakumezkoetan, berriz, garaipena Belén Carrorentzat eta Ángela Lobatorentzat izan zen. 

 

Garaipena eta porrota

Denera, bi norgehiagoka jokatu zituzten Lizarazuk eta Lasterrak salikapen fasean. Lehenengo txandan, Parejo eta Pilo izan zituzten aurrez aurre, eta erraz gainditu zituzten Extremadurako ordezkariak 2-0eko emaitzarekin. Orduerdi pasatxoko partiduan, 21-10 eta 21-18ko jokoak izan zituzten.

Bigarren txandan, berriz, porrota jaso zuten. Serraren eta Estalellaren aurka neurtu zituzten indarrak, Kataluniako txapeldunen kontra, eta 2-0 (21-17, 21-12) galdu zuten arratsaldeko txandan. «Ondo heldu genien lehenengo set-ean, nahiz eta gero galdu egin genuen. Baina, bigarrenean, beroa eta nekea sumatu genituen, eta azkenean, behera egin genuen», adierazi du Lizarazuk. Izan ere, dio, «lehenengo txanda eguerdian jokatu genuen, bero haundiarekin, 14:30ak aldera. Eta, gero, bigarren txanda nahiko segidan jarri ziguten, 16:30etan. Horrez gain, aurkariek ez zuten lehenengo txandarik jokatu, eta hori zen beraien lehenengo partidua. Faktore horiek guztiek norgehiagoka baldintzatu zuten, baina pozik gaude bizitako esperientziagatik».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!