Asteburu honetan hasiko dute txapelketa Ohorezko erregional mailako mutilek eta Jubenil Nazionalak

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 10a, 00:00

Jubenil Nazional mailako taldearen norgehiagoka, joan den denboraldiko maiatzean.

Ohorezko erregional mailako partidua Zubipen jokatuko da, gaur, 16:30etan, Mutrikuren aurka. Nazional mailako jubenilen taldeak, berriz, Cultural de Durango izango du aurkari etxetik kanpo, bihar, 11:30etan hasita. 

Udako oporren geldialdiaren ondoren, asteburu honetan itzuliko dira txapelketara Urumea bailarako zenbait futbol talde. Hernaniarrak izango dira lehenak, Ohorezko erregional mailako mutilen taldea eta Jubenil Nazionalarena, zehazki. Azken horrek etxetik kanpo jokatuko du lehenengo jardunaldia, Cultural de Durangoren aurka. Unai Munduatek gidatutako taldeak, berriz, Zubipen izango du estreinako partidua. 

Ohorezko erregional mailan, Hernanik Mutrikuren aurka neurtuko ditu indarrak. Gaur dute horretarako hitzordua, arratsaldeko 16:30etan hasita. 

Nazional Jubenil mailan, hernaniarrek Bizkaian hasiko dute denboraldia. Cultural de Durango izango dute aurrez aurre, bihar, 11:30etan. 

Bestelakoan, pixkanaka-pixkanaka, datozen asteetan hasiko dute txapelketa bailarako gainerako taldeek. Ohorezko erregional mailako nesken taldeak, esaterako, datorren asteburuan du lehenengo jardunaldia, etxetik kanpo, Amaikak Bat-en aurka. 

 

Jokalari berriak plantillan

Denboraldi berriarekin batera, aldagelan aldaketak izan dituzte Hernaniko mutilen bi talde hauek. 

Alde batetik, Ohorezko erregional mailan, mutilen taldean, jokalari gisa honako hauek arituko dira: jubenilen mailatik eta bigarren taldetik igotako etxeko zenbait jokalari, Ekhi Gonzalez Lagun Onaketik etorritako hernaniarra eta joan den urtean proiektu batekin kanpoan bidaiatzen aritu zen Pello Alberdi hernaniarra, Axier Iraola ateazain eta Oier Belauntzaran erdilari andoaindarra, eta Xabier Olaizaola aurrelari donostiarra. Lantalderari dagokionez, Unai Munduate itzuli da, eta azkeneko bi denboraldietan berarekin aritutako teknikoak ere bueltatu dira: Imanol Mitxelena bigarren entrenatzaile moduan, Edu Karrera taldearen gertutasuna bultzatzeko eta bestelako lanetan aritzeko laguntzaile gisa, Unai Intziarte prestatzaile fisiko gisa, Jon Gartzia atezainen entrenatzailea eta Joxe Mari Kolonbo delegatua. 

Beste alde batetik, Nazional Jubenilean ere izan dira berrikuntzak. Jokalariei dagokionez, «aurreko urtean nazional mailan aritu ziren jokalari batzuek jarraituko dute eta, horiez gain, izango dira kadeteen ohorezko mailatik zein jubeniletako beste maila batean jokatzetik datozen etxeko jokalariak, beste zenbait taldetatik etorritakoak eta Errealak utzitako jokalariak ere». Eta entrenatzaile-taldeari begira, Haritz Otxotorena izango da lehenengo entrenatzailea, Aingeru Otxotorrena bigarrena, Pettan Uralde taldeko delegatua eta Jon Gorospe atezainen entrenatzailea. Gainera, «klubeko koordinatzaileen laguntza» ere azpimarratu dute taldeko entrenatzaileek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!