Bihartik igandera arte, jai giroan murgilduko dira Zikuñagako auzotarrak, auzoko festetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 8a, 00:00

Festa giroan murgilduko dira Zikuñagako auzotarrak, bihartik igandera bitartean.

Igandean Zikuñagako Amaren omenezko meza egingo da ermitan, eta mikrobusa antolatu dute behar dutenentzat.

Bi urteko etenaldiaren ostean, bueltan dira Zikuñagako festak, eta auzotarrek «ilusioz beteta» daudela ziurtatu dute, «familiarekin eta lagunekin gure jaiez gozatzeko asmoarekin». Bihartik igandera arte, egitarau zabala prestatu dute auzoko txikientzat, gazteentzat zein helduentzat. 

Bihar, goizeko 11:30etan, emango zaie hasiera ofiziala Zikuñagako festei txupinazoarekin eta, jarraian, ohiturak ez galtzeko, buruhaundiek hartuko dute lekukoa, auzotarren bizkarrak berotzeko. Eguerdiko 12:00etatik 14:00etara bitartean, Disniruña park jolas-parkean zilipurdika ibiltzeko tartea izango dute txikiek. Horrez gain, puzgarriak, jumping eta jolasak ez dira faltako. Bazkal ostean, aparrak hartuko du Zikuñaga eta, apar festa amaituta, berriro Disniruña park irekiko da, arratsaldeko 19:00ak arte. Iluntzeko 21:30ak aldera, playback lehiaketak hartuko du nagusitasuna, eta gaueko 00:00ak aldera, Zuttik elektrotxarangak auzoko kaleak girotuko ditu, herritarrak dantzan jarriz.  

 

Astebururako, jarduera mordoa 

Astebururako ere ekintza ugari prestatu dira Zikuñagako festetarako. Etzi, goizetik hasi eta igande eguerdira arte, ez dute aspertzeko tarterik izango auzotarrek. Larunbat goizean, haur eta gaztetxoentzako jolasak antolatu dituzte, eta, jarraian, Jennyrekin Aerorumba saioarekin dantza eta kirola uztartzeko parada izango dute parte-hartzaileek. Arratsaldean, magia saioa eskainiko du Marsel magoak, eta, segidan, txokolatea eskainiko dute auzotarrek, indarrak hartzeko. Merienda ostean, Arraiketai txarangari emango zaio lekukoa, auzoan zehar jai-giroa jartzeko. Arratsaldeko 20:00etan, berriz, danbor hotsez beteko da Zikuñaga, festetako danborrada ofizialekin. Gero, zezen suzkoa eta DJ Nemuxek girotuko dute gaua. 

Igandean, goizeko 10:00etarako, Zikuñagako Amaren omenezko meza egingo da ermitan. Elizkizunera bertaratzeko mikrobusa jarri dute behar dutenentzat, eta hitzordua Zikuñagako biribilguneko autobus geltokian jarri dute. Hiru txanda egongo dira, goizeko 09:00etan, 09:15etan, eta azkena 09:30etan. Jaitsiera, ermitatik Zikuñagako biribilguneko autobus geltokiraino izango da, eta bi txanda daude itzultzeko: goizeko 11:15etan eta 11:30etan. Ermitarako sarbidea itxita egongo da ibilgailu pribatuentzat, goizeko 09:00etatik eguerdiko 13:00etara bitartean. 

Meza amaituta, Ozenki abesbatzak hartuko du erreleboa eta jarraian, erromeria eta kalejira egingo dute, auzora heldu arte, Hernaniko txistulariak eta San Joan konpartsak lagunduta. 12:00ak aldera, sagardo ezberdinak probatzeko tartea egongo da. Eta dastaketa amaituta, herri kirolen erakustaldiari emango zio hasiera. Batetik, Imanol Royo Lartain eta Udane Ostolaza izango dira harria jasotzen, eta bestetik, Nerea Arruti eta Beatriz Tanco aizkoran.

Igande eguerdian, Zikuñagako jaien amaiera iragarriko da, amaierako trakarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!