EAJk Kaxkoko etxebizitza batean margotutako mural politikoa salatu du

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 7a, 00:00

«Kolektibo batzuek bidea libre dute, nahi dutena egin dezakete gure herriko hormetan, eta EH Bilduk hori ahalbidetzen du» adierazi du alderdi jeltzaleak. 

Andoni Amonarraizek, EAJren Hernaniko bozeramaileak, Kaxkoko etxe bateko fatxadan agertu den horma irudi politiko berria salatu nahi du, eta EH Bilduko Udalak ezabatu ez izana ere azpimarratu du: «kolektibo batzuek bidea libre dute, nahi dutena egin dezakete gure herriko hormetan, eta EH Bilduk hori ahalbidetzen du». 

Amonarraizek dio Ordenantza Zibilak debekatu egiten dituela (27.artikuluan) pintura eta piktogramak hainbat puntutan besteak beste, fatxadetan: «ez da inola ere aipatzen kolektibo batzuek nahi dutena margotu dezaketela eta beren artelanak muraltzat har daitezkeela» gaineratu du. 

Bozeramaile jeltzaleak azpimarratu du, «guztion artean» onartutako arauak ez betetzeak ulertarazi lezakeela gobernu taldeak arauak kontzienteki ez betetzea baimentzen duela: «uste dugu EH Bilduk zenbait kolektibok egiten dituzten pintadekin duen irizpidea aldatzeko moduko kontua dela, nahiko serioa». 

«Uste dugu EH Bilduk zenbait kolektibok egiten dituzten pintadekin duen irizpidea aldatzeko moduko kontua dela»

 

Eta amaitzeko, EAJko bozeramaileak galdera bat helarazi nahi dio gobernu taldeari: «Ordenantza Zibila betearaziko al zaio herritar guztiei edo, modu artistikoan eginez gero, gure herriko etxeen fatxadan margotzen dituzten kolektibo batzuei utzi egingo zaie?». k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!