Azpitxapeldun izateaz gain, bertso onenaren saria Rekondorentzat

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 4a, 00:00

Andoni Rekondo, Modelo Aretoan.

Txapeletik bi puntura gelditu zen Andoni Rekondo hernaniarra Lizardi Sarian, Modelo Aretoan.

Bertsolari Gazteen XLVI. Lizardi Sariko finala jokatu zen herenegun, Zarauzko Modelo Aretoan. Hantxe izan zen Andoni Rekondo hernaniarra, gainerako bost finalistekin batera. Saio borobila osatuta, azpitxapeldun gelditu zen Rekondo, txapela janztetik soilik bi puntura. Aner Euzkitzek irabazi zuen Lizardi Saria, eta Iñaki Mantzizidor Mantxik jantzi zion txapela. Jendez bete zen aretoa, eta txalo zaparradarekin eskertu zuten bertsozaleek bertsolarien lana.

Bere lehen sariketan, bikain aritu zen hernaniarra. Horren erakusle izan zen lortutako bertso onenaren saria. Umorea erabili zuen, eta finaleko Aner bertsolariari eta txapeldunari egin zion keinua. Honako hauxe izan zen saria lortu zuen bertsoa:

Farmaziatik bueltan
beteta patrika
Aner sumatzen dizut
nahiko inbidi ta
aholku soil bat hartu
ez dezu errita
zauria egin aurretik
jartzazu tirita

 

Bi egunen ostean, Andonik aitortu du «oso-oso pozik» dagoela. «Maila altuko bertsolarien artean bigarren postuan amaitzeko, txapeletik 2 puntu eskasera eta bertso onenaren sariarekin... Ezin sinetsi nabil!», kontatu dio Kronikari.

Finaleko sailkapenari dagokionez, honelaxe amaitu zen aurtengo edizioko Lizardi Saria: Aner Peritz 286,5 puntu; Andoni Rekondo 284,5; Aitor Tatiegi 278; Gorka Pagonabarraga 266,5; Oier Etxeberria 255; Naia Arrizabalaga 229.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!