Jaiak jarraituko du gaur, egitarau zabalarekin, Latsunbeberrin eta Marielutsen

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 4a, 00:00

Apar festan topera gozatu zuten atzo eguerdian, etxeko txikienek.

Makina bat egitekorekin, goizeko 11:00etan irekiko da ekintzen agenda, eta 14:00etan botako dute jaiei bukaera emateko suziria.

Ostiralean eman zieten hasiera Latsunbeberri eta Marieluts auzoetako festei, eta bi eguneko festaren ondoren, gaurkoan agurtuko dituzte jaiak. Egitarau zabala prestatu dute horretarako, eta makina bat egiteko izango da goizetik hasita eguerdira arte.

Giro aparta izan dute auzotarrek azken egunotan, eta bertakoez gain, beste zenbait herritar ere bertaratu da antolatutako ekintzetara eta jai-girora. Atzo, Iturritxo Elkartea VIII. esku pelota txapelketaren kanporaketa faseak ireki zuen eguna. Hantxe bildu ziren pelotariak eta gainerako ikusleak, eta maila bikaina erakutsita, segidan izan ziren buruhaundiak eta trikitilariak, auzoan barrena, goiza alaituz. Gero, eguraldiak ateri eutsi zuenez, apar festa izan zen etxeko txikienentzat. Ezin hobe aritu ziren guztiak apar artean lagunekin jolasten. Eta hori amaitzean, Tximeleta txarangak hartu zuen erreleboa. Bazkal ordua heltzean, mahai inguruan bildu eta paella-jatea izan zen. Arratsaldean, izan ziren puzgarriak, mus, toka eta ping-pong txapelketa, eta txokolatada. Azkenik, eguna amaitzeko, DJ Nemuxek gaua girotu zuen bere musikarekin, eta jarraian izan ziren bingo herrikoia eta zezensuzkoa.

Buruhaundiak atzo goizean, Atarrabiyo parkean. 
 

Festa gaur, goizetik hasita eguerdira arte

Gaurkoa izango da festen azken eguna. Goizetik hasita eguerdira arte antolatu dituzte egitekoak, eta aurreko egunetako martxa jarraituta, giroa ziurtatuta egongo dela ere aurreikusten da.

Goizean, patata tortilla txapelketak zabalduko du eguna. Parte-hartzaileek etxean sukaldatu beharko dituzte platerak, eta 11:00etatik 12:00etara izango dute tortillak txosnan aurkezteko aukera. Hori bai, osagaiak izan beharko dute soilik arrautza, patata eta tipula. Modu horretan, xarma haundiagoa izango du ekintzak. Gero, Iturritxo Elkartea VIII. esku pelota txapelketaren finalak jokatuko dira frontoian, 11:00etan hasita. Ordu berean, buruhaundi tailerra egingo dute elkartearen lokalean. Eguerdian, 12:00etan, aurkeztutako patata tortillen balorazioa egingo dute, eta sariak banatuko dituzte. Jarraian, bertsolariak, trikitilariak eta sagardo-dastaketa izango da, festak modu borobilean agurtzeko. Bukatzeko, 14:00etan botako dute jaiei amaiera emateko suziria.

 

LATSUNBEBERRI eta MARIELUTSEKO JAIAK

EGITARAUA

GAUR, igandea

11:00-12:00, Patata tortilla txapelketa. Tortillak balio anitzeko pistako txosnan entregatu behar dira. Honako osagaiak bakarrik erabili daitezke: arrautza, patata eta tipula. Sariak: bi afari Latsunbe tabernan, bi afari Tranbia tabernan, eta bi afari Karrero tabernan.

11:00-12:30, Iturritxo Elkartea VIII. esku pelota txapelketaren finalak.

11:00-13:00, Buruhaundi tailerra, elkartearen lokalean. Izena eman behar da.

12:00-12:30, Txapelketako patata tortillen balorazioa, epaimahaikide «ospetsuen» eskutik. Segidan, sari banaketa.

12:00, Bertsolariak, balio anitzeko pistako oholtzan.

12:30-13:30, Trikitilariak.

12:30-13:30, Sagardo dastaketa, balio anitzeko pistan. Honako sagardotegiek hartuko dute parte: Akarregi, Alberro, Altzueta, Elorrabi, Gurutzeta, Itxas-Buru, Oialume Zar, Otsua-Enea, Rufino eta Zelaia.

14:00, Jaiei bukaera emango dien suziriaren jaurtiketa.

Txosna: jaietan zehar, edaria, ogitartekoak eta pintxoak egongo dira eskuragarri, jai batzordea festen antolaketan ekonomikoki laguntzeko.

Jai batzordeak elkarlana eskatu nahi die bertaratzen direnei, bereziki ekitaldietarako beharrezko materiala lekualdatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!