Odola emateko hitzordurik ez da izango irailean, Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 3a, 00:00

Herritar bat odola ematen, Iturola Elkarlan Sorgunean.

Jaieguna da hileko aurreneko asteartea, eta ez dute beste egun librerik aurkitu, estrakzioak egiteko.

Ez da odola emateko aukerarik izango irailean, Hernanin, hileko aurreneko asteartea jaieguna dela eta. «Egutegia beteta» dagoela eta, ezin izan dute beste egunik lotu, estrakzioak egin ahal izateko. Hori horrela, urrikoa izango da hurrengo hitzordua, herrian.

Edonola ere, datorren hilabeteko hitzordura itxaron gabe, Donostiako delegaziora joateko gonbidapena luzatu die Hernaniko Odol Emaileen Elkarteak, herritarrei: «bertan posible izango duzue donazioak egitea, hitzordua hartu beharrik izan gabe. Gainera, modu horretara, delegazio berri bat ezagutzeko aukera izango duzue, oraindik ezagutzen ez duzuenok».

Antiguo auzoan dago Donostiako delegazioa, Manuel Lekuona kaleko hirugarren atarian.

«Urrian, bueltan izango gara berriro, Hernanin bertan odola eman ahal izateko, beti bezala», ziurtatu du Hernaniko Odol Emaileen Elkarteak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!