'Maialen' trainerurik gabe ere ez da hernaniarrik faltako Kontxako Banderan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 3a, 00:00

'Maialen' trainerua ostegunean Donostiako portuan. Argazkia: Hernani Arraun Elkartea.

Hamalaugarren amaitu zuten neskek sailkapen estropadan, baina Hibaika, Hondarribia eta Orion ari direnek lortu zuten sailkapena eta iraileko lehenengo bi igandeetan egingo dute arraun Donostiako estropadetan.

Hernaniko Maialen traineruak ez du bihar hasiko den Kontxako Banderako lehiarako sailkapena lortu. Osteguneko sailkapen estropadan hamalaugarren amaitu zuen eta urruti geratu zen zazpigarren postutik. 11 minutu eta 43 segundoko denborarekin 26 segundoko tartea izan zen zazpigarrenarekiko. Postu preziatu hori Chapelak lortu zuen. ETE Ligako bi traineruk bakarrik lortu zuten sailkapena Hibaika eta Hondarribiak; eta beste bost traineruak Euskotren Ligako Arraun Lagunak-Donostia, Orio, Tolosaldea; eta Galiziako Ligako Cabo eta Chapela izan ziren. Inork nahi izaten ez duen zortzigarren postua Ondarrurentzat izan zen, Chapelagandik zortzi segundora.

Hernanik denboraldian zehar lortu dituen postuetan ibili zen. Galiziarren maila jakiteko, lau traineru galiziar geratu ziren aurretik. Agian, abuztuan zehar erakutsitako mailatik baino uztailekoaren pare ibili ziren hernaniarrak. Hala ere, lehendabiziko esperientzia izan zen askorentzat Kontxako sailkatze estropadan, eta horrek eragina izan ohi du. 

 

Mutilen eta nesken estropadetan bailarako hamaika arraunlari

Hernaniko trainerurik ez, baina bailarako arraunlariak izango dira aurten ere Kontxako estropadetan. Honela, sailkapen estropadan postua eskuratu zuten Hondarribian arraunean dabiltzan Maider Pérez eta Miren Gamendia hernaniarrek eta Hibaikan dabiltzan Ihintz Larrañaga, Jone Pastor, Nora Urbe eta Garazi Arabiatorre, herrikideek. Orio faboritoa da Kontxa irabazteko eta bertan dabil arraunean Eider Barba. Arazorik gabe sailkatu ziren oriotarrak. Iraileko bi igandeetan ere ariko da Uxue Alberdi hernaniarra Donostiarrarekin. Hauek zuzenean zuten postua, sailkapen estropadan parte hartu gabe. Entrenatzaileen aginduetara zortzi arraunlari, denak hernaniarrak, daude. Horietako gehienak tostetan postua finkatua dute eta besteren batzuk ordezkoak izango dira.

Mutiletan hiru hernaniarrek eta astigartar batek egin dezakete arraun bi igandeetan. Denak Donostiarrako plantillakoak dira. Xabat Pastorrek estropada denak egiten ditu eta Kontxan ere horrela izango da. Iker Imazek ere arraun egingo du gutxienez lehenengo jardunaldian. Jon Iruretagoiena ordezkoa izango da patroi lanetan, Ander Balda astigartarra bezala arraunlari moduan.

Biharko estropaden nesken lehenengo txandan Hibaika, Tolosaldea, Hondarribia eta Cabo ariko dira eta Donostiarra, Arraun Lagunak, Orio eta Chapela bigarrengoan. Mutilen lehenengo txanda Hondarribia, Getaria, Orio eta Kaikuk osatzen dute eta Urdaibai, Donostiarra, Ondarroa eta Zierbenak bigarrengoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!