Auzotako eta Euskal jaiak izango dira hilabete honetako protagonistak, agendan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 3a, 00:00

Irailaren 24an, emanaldia eskainiko dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek, Atsegindegin.

Herenegun ireki zuten kultur egitaraua stock azokarekin, eta ekintzek ez dute etenik izango datozen egunetan. Marieluts eta Latsunbeberriko jaiekin batera, hilabete honetan aukeran izango dira dantza, poesia, antzerkia, ilustrazioa, azokak eta beste hainbeste hitzordu.

Konturatzerako, sartu gara, dagoeneko, urteko bederatzigarren hilabetean. Uztaileko eta abuztuko oporrak atzean utzita, errutinara bueltatzeko garaia heldu zaie Urumea bailarako herritar askori. Zenbaitek irailerako utzi dituzte atsedenerako egunak eta beste askok, berriz, lanera itzuli behar izan dute. Etxeko txikienek eskolara buelta dute segituan, eta pixkana-pixkanaka urte barruko zereginetan murgilduko dira beraiek ere. 

Esanak esan, itzulera goxatzeko edota azken orduko oporraldia entretenigarria egiteko, Hernanin gelditzeko hautua egin dutenentzat behintzat, kultur agenda zabala aurkeztu du Hernaniko Udaleko kultura sailak. Betiko moduan, ez dira faltako dantza ikuskizunak, kontzertuak, eta denetariko azokak. Gainera, hilabete honetan bada azpimarragarria den ekintzen multzo bat: jaiak. Zehazki, herriko zenbait auzotako festak izango dira datozen asteburuetan, eta, ezbairik gabe, protagonismoa izango dute aurkeztutako kultur egitarauan. 

Marieluts eta Latsunbeberriko jaiak izango dira iraileko lehenak. Asteburu honetan ospatuko dira, eta ekintza mordoa aurkeztu dituzte. Atzo eman zieten hasiera txupinazoarekin, eta, gaurkoan, festak ez du etenik izango. Datorren asteburuan, Zikuñaga auzoko jaiak ospatuko dituzte, eta, hileko hirugarren asteburuan euskal jai entzutetsuak izango dira Hernanin. Denetarik izango da: abeltzaintza azoka, sagardo dastaketa, trikitixa txapelketa, musika, eta beste hainbeste. Gero, Karabelgo jaiak izango dira hilaren 23an eta 24an eta, ondoren, azken asteburuarekin, Lizeaga auzoa murgilduko da jai-giroan.

 

Hitz Andana izango da irailaren 29tik urriaren 1era

Lekua izango du iraileko egitarauan, jakina, Hitz Andana jaialdiak. Hiru egunez, herriko hainbat txokotan izango dira poesia emanaldiak, dantza, kantua eta ilustrazioa. Irailaren 29an, Olatu arteko txalupa arraroa. Soinuak eta berbak poesia emanaldia aurkeztuko dute Biterin. Joseba Sarrionandiaren testuekin eta Inés Osinaga soinujolearen laguntzarekin, poesia jarriko dute erdigunean. Kasu honetan, sarrera librea da, baina beharrezkoa izango da aldez aurretik gonbidapena eskuratzea. 

Judith Argomaniz-en zuzendaritzapean, dantza eta poesia ikuskizuna ere izango da iraileko azken egunean, hilaren 30ean. Lesala dantza konpainiak Dead aurkeztuko du, eta sarrera erosi beharko da Biterira sartzeko. 

Hurrengo egunean, urriaren 1ean, diziplina anitzak uztartzen dituen saioaren txanda izango da. Dantza, kantua eta ilustrazioa nahastuko dira, Ardoa emanaldian, Andoni Tolosa Morau musikari hernaniarra tartean dela. Chillida Lekun hitzartu dituzte ikus-entzuleak, arratsaldeko 19:00etan. 

Urriaren 1ean, II. Liburu Azoka izango da Atsegindegin, Dobera Euskara elkarteak antolatuta. Bakarrizketa, liburuen aurkezpenak, irakurraldiak eta ipuin kontaketa izango dira urriaren 1ean. Joan den urteko azoka arrakastatsua izan zen, eta jende mordoa bertaratu zen postuak ikustera eta ekintzak jarraitzera. Aurten ere saio mordoxka prestatu dituzte, eta hitzordu jendetsua izatea espero da. 

Ekitaldietarako sarrerak eta gonbidapenak eskuragai eta salgai egongo dira Biterin edo, online, kultura.hernani.eus webgunean, irailaren 21etik aurrera. 

Bestelakoan, irailean izango dira ere bestelako kultur ekintzak. Eta nabarmentzekoa da hilaren 17koa, izan ere, Gozategik 30 urte bete ditu aurten, eta geldialdia egin nahi izan du Hernanin. Hutsik ez du egingo Euskal Herriko talde ezagunetarikoak Urumea bailaran, urteurrenaren ospakizunean. Plazan jarriko dute agertokia, eta 23:00etan hasiko da kontzertua.

Horrekin batera, Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek ere bisita egingo diete herriko txikienei. Errugbi Elkarteak antolatuta eta aurreko urteko arrakastari helduta, hitzordua errepikatuko dute Hernanin. Hilaren 24an izango da hori, eta ordua eta bestelako xehetasunak zehazteke daude oraindik.

Amaitzeko, kultur ekintzak alde batera utzita, gogorarazi dute Biteriko ikastaroetan matrikulatzeko epea irailaren 5ean, etzi, irekiko dutela. Bi modutara egin daiteke izen-ematea: batetik, Biterin, goizeko 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara; bestetik, online, www.kultura.hernani.eus webgunean. Ikastaroen gaineko informazioa (egutegia eta ordutegia, prezioa, eta abar) ere web orrian edo kultur etxean eskuratu ahal izango da.

 

Hernaniko kultur agenda

 

Irailak 2-4 Latsunbeberriko eta Marielutseko jaiak. 

Irailak 5-16 Biteri kultur etxeko ikastaroetan matrikulatzea. Lekua: Biterin eta online 'kultura.hernani.eus'. Biteriko ordutegia: 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. 

Irailak 5-20 Haurrentzako tailerrak auzoetan. Izen-emate epea auzo elkarteetan. 

Irailak 9-11 Zikuñaga auzoko jaiak. 

Irailak 9-11 Euskal jaiak: abeltzaintza azoka, sagardo dastaketa, trikitixa txapelketa, musika...

Irailak 17 Kontzertua: Gozategirekin dantzan. Plazan, 23:00etan. 

Irailak 18 Dantza ikuskizuna: 'Gesala'. Dantzaz konpainia, Tilosetan, 20:00etan. 

Irailak 23 Hernaniko merkataritzaren festa. Antolatzailea: Berriak Elkartea. 

Irailak 23-24 Karabel auzoko jaiak.

Irailak 24 Emanaldia: Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Antolatzailea: Hernaniko Errugbi Elkartea. Atsegindegin. 

Irailak 30-urriak 2 Lizeaga auzoko jaiak.

Irailak 29-urriak 1 Hitz andana: poesia emanaldiak, dantza, kantua eta ilustrazioa

Irailak 29 Poesia emanaldia: 'Olatu arteko txalupa arraroa. Soinuak eta berbak'. Testuak: Joseba Sarrionandia. Soinujolea: Inés Osinaga. Biterin, 19:30etan. Sarrera librea, gonbidapenarekin (irailaren 21etik aurrera). 

Irailak 30 Dantza eta poesia ikuskizuna: 'Dead'. Lasala dantza konpainia. Zuzendaria: Judith Argomaniz. Zuzendaritzako laguntzailea: Jaiotz Osa. Testua: Puy Barral. Biterin, 19:30etan. Sarrerak 8 euro balio ditu, eta salgai jarriko dituzte Biterin edo 'kultura.hernani.eus' webgunean. 

Urriak 1 Poesia, kantua eta ilustrazioa: 'Ardoa'. Gitarra eta ahotsak: Andoni Tolosa 'Morau' eta Beñardo Goietxe. Irudiak: Mattin. Chillida Lekun, 19:00etan. Sarrerak 8 euro balio ditu, eta salgai jarriko dituzte Biterin edo 'kultura.hernani.eus' webgunean. 

Urriak 1 Liburu azoka: Bakarrizketa, liburuen aurkezpenak, irakurraldiak, ipuin kontaketa. Antolatzailea Dobera Euskara elkartea. Atsegindegin. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!