Primerako egitarauarekin, bueltan dira Latsunbeberri eta Marielutseko Jaiak

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 3a, 00:00

Jo eta su aritu da antolakuntza taldea lanean, jaiak indarberrituta bueltatu daitezen.

Hiru urteko etenaldiaren bueltan, festa potoloa prestatu dute bi auzoetan. Atzo eman zieten hasiera jaiei, eta bihar eguerdira  arte luzatuko dira, atsedenerako tarterik izango ez duen programarekin: apar festa, paella-jatea, mus eta toka txapelketak, bingoa, sagardo dastaketa...

Bailarako gainerako herri eta auzoetan baino luzeagoa izan da itxaronaldia, baina indartsu bueltatu dira Latsunbeberri eta Marieluts auzoetako festak. Joan den urtean ekintza kultural batzuk antolatu ondoren, normaltasunez berreskuratu dituzte jaiak aurten, hiru eguneko egitarau potoloarekin.

Atzo arratsaldean bota zuten jaien hasierako suziria, eta hortik aurrera, festa giroak hartu zituen bi auzoak. Ipuin kontaketaz zein Jenny Perlazak gidatutako aerorumba saioaz gozatu zuten gaztetxoek, eta jende asko gerturatu zen sardin-jate herrikoira, ondoren. Hortik aurrera, musika izan zen protagonista, Txingudiko TDJS disko jartzaileen eskutik, goizaldeko ordu txikietara arte.

Hiru urteren ondoren, suzirien eztanda hotsa entzun zuten atso arratsaldean berriro, Latsunbeberrin eta Marielutsen.
 

Makina bat txapelketa, paella-jatea, apar festa zein bingoa, gaurko egun haundian

Festa hasi besterik ez da egin, ordea, eta gaurkoa eta biharkoa izango dira jaietako egun potoloenak. Bereziki haundia izango da gaurkoa, atsedenerako tarterik emango ez duena. Iturritxo Elkartea esku pelota txapelketarekin hasiko dute eguna, goizeko 10:30etan. Zortzigarren edizioa izango du torneoak, eta kanporaketa guztiak jokatuko dituzte gaur goizean, finalak izan ezik. Bihar izango dira horiek, goizeko 11:00etatik aurrera.

Ez da gaurko txapelketa bakarra izango, beste hiru ere prestatu baitituzte arratsalderako. Batetik, mus txapelketa jokatuko dute, 16:30etatik aurrera, balio anitzeko pistan. Beharrezkoa da izena ematea, 15 euroan, parte hartu ahal izateko. Bestetik, pistan bertan, toka txapelketa ere izango da helduentzat, 18:00etan hasita. Horretarako ere, izena eman beharko da, 2 euroan; eta bildutako diruaren erdia, irabazleak jasoko du, sari gisa. Eta azkenik, ping-pong txapelketa jokatuko dute, tenis pistan, 17:00etan hasita.

Baina dena ez dira txapelketak izango gaurkoan. Are gehiago, jende asko bilduko duten jarduerak prestatu dituzte, adin guztietako herritarren gozamenerako. Goizeko 11:30etan aterako dira buruhaundiak, trikitilariekin batera, bi auzoak girotzeko asmoz. Eta segidan, apar festak alaituko ditu gaztetxoak, balio anitzeko pistan, eguraldiak laguntzen badu behintzat. Tximeletak txaranga arduratuko da giroa pizteaz eguerdian, eta paella-jatearekin borobilduko dute  egunaren aurreneko zatia. Prezioa merkea izango dela aurreratu dute, eta jolas sorpresa bat ere prestatu dute, gainera.

Apaxi kontalariaren inguruan bildu ziren haur zein heldu, jaiak hasi berritan.
 

Aurrez aipatutako hiru txapelketek hartuko dute protagonismoa arratsaldean, baina jolaserako aukera ere izango dute txikienek. Izan ere, puzgarriak eta ohe elastikoak jarriko dituzte balio anitzeko pistan, 16:30etatik 19:30etara. Segidan, gainera, txokolatada izango dute.

Jolas eta txapelketa kontuak bukatuta, DJ Nemuxek hartuko du erreleboa, eta iluntzeko 20:30etatik aurrera, musikaz girotuko ditu jaiak, goizaldeko 02:00ak arte. Tartean, izango du atsedenerako aukerarik ere, bere musikari zenbakien errezitaldiak erreleboa hartzen dionean: bingo herrikoia egingo dute gaueko 23:00etan. Eta gauerdian, zezensuzkoa aterako dute kalera, eguneko azkeneko korrika saioak egin eta eragiteko.


Bi klasiko, jaiak borobiltzeko: patata tortilla txapelketa eta sagardo dastaketa

Lasaiagoa izango da biharko eguna, baina ez horregatik apalagoa. Izan ere, herritarrek asko estimatzen dituzten bi klasikorekin amaituko dituzte festak: patata tortilla txapelketarekin, eta sagardo dastaketarekin.

Goizeko 11:00etatik eguerdiko 12:00etara bitartean entregatu beharko dituzte patata tortillak, txapelketan parte hartu nahi duten guztiek. Balio anitzeko pistako txosna izango da horretarako gunea, eta baldintzak jarri dituzte, tortillaren osagaiei dagokienez: arrautza, patata eta tipula bakarrik erabili daitezke. Tortilla goxoenak egiten dituztenentzat, sari politak prestatu dituzte: bi afari Latsunbe tabernan, bi afari Tranbia tabernan, eta beste bi afari Karrero tabernan. Tortillak entregatzeko epea bukatu eta berehala ekingo diote horien balorazioari, eta aurreratu dutenez, «ospetsuak» izango dira epaimahaikideek. Ordu erdiko tartea izango dute horretarako, eta segidan, sari banaketa egingo dute.

Patata tortilla txapelketak iraun bitartean jokatuko dira Iturritxo Elkartea esku pelota txapelketako finalak ere. Eta hirugarren aukera bat ere izango da goizean zehar, gaztetxoei bereziki zuzendutakoa: buruhaundi tailerra egingo dute elkartearen lokalean, 11:00etatik 13:00etara. Tailerrean parte hartzeko, beharrezkoa da izena ematea.

Bertsoez gozatzeko parada ere izango dute eguerdian, festetara gerturatzen direnek. Balio anitzeko pistan ariko dira, sagardo dastaketari bidea egiteko. 10 sagardotegik hartuko dute parte dastaketan: Akarregik, Alberrok, Altzuetak, Elorrabik, Gurutzetak, Itxas-Buruk, Oialume Zarrek, Otsua-Eneak, Rufinok eta Zelaiak. Eta dastaketak sortutako giro ederra borobiltzeko, trikitilariak ere ariko dira, doinu alaiak zabaltzen.

Sagardo dastaketarekin agurtuko dituzte aurtengo jaiak, eta 14:00etan botako dute festen bukaerako suziria.


Ekintzen prestaketan zein ekonomikoki laguntza, Jai Batzordeari

Festen hiru egunetan, zabalik egongo da Jai Batzordearen txosna, balio anitzeko pistan. Eta bertan, eskuragarri izango dira edariak, ogitartekoak eta pintxoak, Jai Batzordeari laguntza ekonomikoa emateko, festen antolaketarako.

Eta ekonomikoki ez ezik, ekintzen prestaketan ere laguntzeko deia luzatu die Jai Batzordeak, gerturatzen direnei. Nabarmendu du, «elkarlana beharrezkoa» dela festak antolatu ahal izateko. Bereziki, ekintzetarako beharrezkoa den materiala lekualdatzeko beharko dute laguntza.

Etenaldi luzearen ondoren, indarberrituta bueltatzeko gogotsu

Festarako gogorik ez dute faltako Latsunbeberrin eta Marielutsen, hiru urtez zain egon ondoren. 2019an ospatu zituzten bi auzoetako jaiak azkenekoz, abuztuaren 30etik irailaren 1era, hiru egunez orduan ere. Covid-19aren pandemiak ekarri zuen etena gero. 2020an, festa guztiak geratu ziren bertan behera, eta 2021ean ere, egoera ziurgabean oraindik, haurrei zuzendutako bi jarduera antolatu zituzten, jaien ordez: Yijaaa! ikuskizuna, eta puzgarriak.

Pandemiaren garai gogorrenak atzean utzita, atzo eman zioten bukaera itxaronaldi luzeari, eta hasiera inoiz baino gehiago desio zituzten festei. Bi egun haundi dauzkate aurretik oraindik, gozatzeko.

EGITARAUA

GAUR, larunbata

10:30, Iturritxo Elkartea VIII. esku pelota txapelketa: kanporaketa faseak.

11:30-12:00, Buruhaundiak eta trikitilariak, auzoan zehar.

12:00-13:00, Apar festa (eguraldi ona eginez gero). Arropa aproposa eramatea gomendatu dute.

13:00, Tximeletak txaranga, auzoan zehar.

14:00, Paella-jatea gazte eta helduentzat, balio anitzeko pistan (prezio merkea). Jolas sorpresa ere izango da.

16:30-19:30, Puzgarriak eta ohe elastikoak, balio anitzeko pistan.

16:30, Mus txapelketa, balio anitzeko pistan. Izena eman behar da: 15 euro.

17:00, Ping-pong txapelketa, tenis pistan.

18:30, Toka txapelketa helduentzat, balio anitzeko pistan. Izenematea: 2 euro. Irabazleak izenemateekin bildutako diru kopuruaren erdia jasoko du.

19:30, Txokolatada, balio anitzeko pistan.

20:30-02:00, Musika DJ Nemuxen eskutik, balio anitzeko pistako oholtzan.

23:00, Bingo herrikoia.

00:00, Zezensuzkoa.

BIHAR, igandea

11:00-12:00, Patata tortilla txapelketa. Tortillak balio anitzeko pistako txosnan entregatu behar dira. Honako osagaiak bakarrik erabili daitezke: arrautza, patata eta tipula. Sariak: bi afari Latsunbe tabernan, bi afari Tranbia tabernan, eta bi afari Karrero tabernan.

11:00-12:30, Iturritxo Elkartea VIII. esku pelota txapelketaren finalak.

11:00-13:00, Buruhaundi tailerra, elkartearen lokalean. Izena eman behar da.

12:00-12:30, Txapelketako patata tortillen balorazioa, epaimahaikide «ospetsuen» eskutik. Segidan, sari banaketa.

12:00, Bertsolariak, balio anitzeko pistako oholtzan.

12:30-13:30, Trikitilariak.

12:30-13:30, Sagardo dastaketa, balio anitzeko pistan. Honako sagardotegiek hartuko dute parte: Akarregi, Alberro, Altzueta, Elorrabi, Gurutzeta, Itxas-Buru, Oialume Zar, Otsua-Enea, Rufino eta Zelaia.

14:00, Jaiei bukaera emango dien suziriaren jaurtiketa.

Txosna: jaietan zehar, edaria, ogitartekoak eta pintxoak egongo dira eskuragarri, jai batzordea festen antolaketan ekonomikoki laguntzeko.

Jai batzordeak elkarlana eskatu nahi die bertaratzen direnei, bereziki ekitaldietarako beharrezko materiala lekualdatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!