'Metrópolis' film mutuari musika jarriko diote Plazan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 2a, 00:00

1927ko filma da 'Metrópolis', mutua eta txuri-beltzekoa.

Gaur gaueko 22:00etan emango dute filma, eta Joxan Goikoetxeak eta Roberto Yabenek jarriko diote musika zuzenean.

Emanaldi berezia prestatu dute gaurko, Jazz Hernani 2022 egitarauaren barruan: Metrópolis film mutua eskainiko dute, eta zuzeneko musika jarriko diote Joxan Goikoetxea eta Roberto Yaben hernaniarrek. Gudarien Plazan izango da hori, gaueko 22:00etan hasita.

1927ko filma da Metrópolis, fikziozkoa, txuri-beltzean eta aho­tsik gabe egindakoa. Fritz Lang austriarrak zuzendu zuen, eta Thea von Harbou alemaniarrak urtebete lehenago idatzitako nobelan dago oinarrituta. Hain justu, bien artean osatu zuten filmaren gidoia. Unescok Munduko Memoria programan txertatutako film bakarretakoa da Metrópolis, eta aurrenekoa izan zen izendapen hori jasotzen, bere eduki humano eta sozial sakonagatik.

XXI. mendean dago kokatuta filma, 2026 urtean Metrópolis izeneko hiri erraldoi batean; eta bertan, industriaguneko lurrazpiko ghetto batean bizi dira langileak, kanpora ateratzeko baimenik gabe. Baina robot batek animatuta, klase intelektualaren kontra altxako dira langileak, lur gaineko hiria suntsitzeko mehatxua eginez. Hori saihesten saiatuko dira Freder, Metrópoliseko agintariaren semea, eta Maria, horretarako sentimenduak eta maitasuna baliatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!