Jai giroak hartuko ditu Latsunbeberri eta Marieluts auzoak, gaurtik igandera

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 2a, 00:00

Jolaserako aukerarik ez dute faltako haurrek, aurtengo jaietan ere.

Hiru urteko itxaronaldiaren ondoren, bi auzoetako jaiak berreskuratuko dituzte aurten. Gaur arratsaldeko 19:00etan botako dute txupinazoa, eta ipuin kontalaria, aerorumba saioa eta sardin-jatea izango dira segidan.

Portuko Jaiekin bueltatu zen festa giroa Hernanira, aurreko asteburuan; eta urrira bitarte, ez du etenik izango, auzoz auzo eta astebururo-astebururo. Latsunbeberri eta Marielutseko Jaiek hartuko dute txanda oraingoan, eta hiru urteko itxaronaldi luzearen ondoren, gaurtik igandera ospatuko dituzte festak, bi auzoetan.

Gaur arratsaldeko 19:00etan botako dute jaien hasierako txupinazoa, eta segidan, hiru ekintzarekin berotuko dituzte motorrak, asteburura begira. Batetik, ipuin kontaketa saioa izango da, 19:00etan hasita. Segidan, aerorumba dantzatzeko aukera izango dute, Jenny Perlazak gidatuta. Eta ondoren, 20:30etatik aurrera, sardin-jate herrikoia izango da, tripa betetzeko. Gainera, musikarik ere ez da faltako gauean, eta 02:00ak arte luzatuko dute festa giroa, Txingudiko disko jartzaileek (TDJS).

Festa borobila, asteburuan

Mokadutxo bat besterik ez da izango gaurkoa, astebururako prestatu dituzten bi plater nagusietarako. Biharkoa izango da bereziki zaporetsua, adin guztietarako ekintzekin: buruhaundiak, apar festa, mota guztietako txapelketak, paella-jatea, bingoa, musika, zezensuzkoa...

Igandean, berriz, patata tortilla txapelketak eta sagardo dastaketak jarriko diete errematea, aurtengo festei.

LATSUNBEBERRI eta MARIELUTSEKO JAIAK

EGITARAUA

GAUR, ostirala

19:00, Jaiei hasiera emango dien suziriaren jaurtiketa.

19:00-20:00, Ipuin kontalaria.

20:00-21:00, Aerorumba, Jenny Perlazaren eskutik.

20:30, Sardin-jate herrikoia.

22:30-02:00, Musika Txingudiko disko jartzaileen (TDJS) eskutik, balio anitzeko pistako oholtzan.

BIHAR, larunbata

10:30, Iturritxo Elkartea VIII. esku pelota txapelketa: kanporaketa faseak.

11:30-12:00, Buruhaundiak eta trikitilariak, auzoan zehar.

12:00-13:00, Apar festa (eguraldi ona eginez gero). Arropa aproposa eramatea gomendatu dute.

13:00, Tximeletak txaranga, auzoan zehar.

14:00, Paella-jatea gazte eta helduentzat, balio anitzeko pistan (prezio merkea). Jolas sorpresa ere izango da.

16:30-19:30, Puzgarriak eta ohe elastikoak, balio anitzeko pistan.

16:30, Mus txapelketa, balio anitzeko pistan. Izena eman behar da: 15 euro.

17:00, Ping-pong txapelketa, tenis pistan.

18:30, Toka txapelketa helduentzat, balio anitzeko pistan. Izenematea: 2 euro. Irabazleak izenemateekin bildutako diru kopuruaren erdia jasoko du.

19:30, Txokolatada, balio anitzeko pistan.

20:30-02:00, Musika DJ Nemuxen eskutik, balio anitzeko pistako oholtzan.

23:00, Bingo herrikoia.

00:00, Zezensuzkoa.

ETZI, igandea

11:00-12:00, Patata tortilla txapelketa. Tortillak balio anitzeko pistako txosnan entregatu behar dira. Honako osagaiak bakarrik erabili daitezke: arrautza, patata eta tipula. Sariak: bi afari Latsunbe tabernan, bi afari Tranbia tabernan, eta bi afari Karrero tabernan.

11:00-12:30, Iturritxo Elkartea VIII. esku pelota txapelketaren finalak.

11:00-13:00, Buruhaundi tailerra, elkartearen lokalean. Izena eman behar da.

12:00-12:30, Txapelketako patata tortillen balorazioa, epaimahaikide ospetsuen eskutik. Segidan, sari banaketa.

12:00, Bertsolariak, balio anitzeko pistako oholtzan.

12:30-13:30, Trikitilariak.

12:30-13:30, Sagardo dastaketa, balio anitzeko pistan. Honako sagardotegiek hartuko dute parte: Akarregi, Alberro, Altzueta, Elorrabi, Gurutzeta, Itxas-Buru, Oialume Zar, Otsua-Enea, Rufino eta Zelaia.

14:00, Jaiei bukaera emango dien suziaren jaurtiketa.

Txosna: jaietan zehar, edaria, ogitartekoak eta pintxoak egongo dira eskuragarri, jai batzordea festen antolaketan ekonomikoki laguntzeko.

Jai batzordeak elkarlana eskatu nahi die bertaratzen direnei, bereziki ekitaldietarako beharrezko materiala lekualdatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!