'Metrópolis' filmaren proiekzioa zuzeneko musikarekin, bihar

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 1a, 00:00

Joxan Goikoetxea, beste emanaldi batean.

Pelikularekin batera, Joxan Goikoetxeak eta Roberto Yabenek zuzeneko musika eskainiko dute. Plazan izango da, 22:00etan hasita.

Iraileko kultur agendaren barruan, ekintza berezia izango da bihar, Plazan. Izan ere, musika eta zinea uztartuko dira biak batean, emanaldi borobila eskaintzeko. Hain zuzen ere, Jazz Hernanik antolatuta, Metrópolis filma proiektatuko dute pantaila haundian, gaueko 22:00etan hasita. Eta, proiekzioarekin batera, Joxan Goikoetxea eta Roberto Yaben musikari hernaniarrek zuzeneko musika eskainiko dute. Sarrera doakoa da eta, euria eginez gero, aurreratu dute ekintza Atsegindegin izango dela.

Bihar, beraz, ikus-entzuleek ez dute nolanahiko pieza ikusiko. Zehatzak izateko, 1927 urtean sortutako eta Fritz Langek zuzendutako zientzia-fikziozko pelikula mutu alemaniarrarekin gozatuko dute. Are gehiago, Unescok Munduko Memoriatzat jotzen duen film bakarrenetakoa da. «Alemaniako zinema espresionistako eta munduko zinemaren historiako film haundienetakoa, dudarik gabe», aurreratu dute antolatzaileek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!