Zenbait dirulaguntza eskatzeko aukera izango da gaurtik

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 1a, 00:00

Gaurtik aurrera eskatu ahalko dira 2021eko Ondasun Higiezinen gaineko Zerga eta 2022ko hondakin bilketa eta ur-hornidura eta saneamendu tasak ordaintzeko dirulaguntzak.

Hernaniko Udalak jakitera eman duenez, gaurtik aurrera eskatu ahal izango dira bi dirulaguntza: batetik, 2021eko Ondasun Higiezinen gaineko Zerga ordaintzekoa (OHZ-etxebizitzaren jabetzarengatik ordaintzen dena); eta, bestetik, 2022ko hondakin bilketa eta ur-hornidura eta saneamendu tasak ordaintzekoa.

Eskaera egin daiteke Herritarren Harrera Zerbitzuko bulegoan (udaletxearen beheko solairuan) edo, bestela, erregistro elektronikoz: www.hernani.eus.

2021eko ur-hornidura eta hondakin-bilketa tasak ordaintzeko dirulaguntzetarako eskaera aurkeztu zutenek, ez dute 2021eko OHZ zerga ordaintzeko dirulaguntza eskaera egin behar. Izan ere, ofizioz aplikatuko zaie, betiere ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Dirulaguntzen zenbatekoei dagokienez, OHZren kasuan %50eko edo %25eko deskontua jasoko da, familia unitatearen diru-sarreren arabera. Tasen kasuan, berriz, %100ekoa edo %50ekoa izango da deskontua, horietan ere familia unitatearen diru-sarreren arabera.

Dirulaguntzak jasotzeko, zenbait baldintza

Bestalde, dirulaguntzak jasotzeko hainbat baldintza bete behar dira. Besteak beste, honako hauexek nabarmendu dituzte: familia unitatearen diru-sarrerak; elkarbizitza unitatearen hiri-finken katastro-balioen baturak ez gainditzea 160.056,06 euroko muga (176.061,86 euro familia ugarien kasuan); bizikidetza unitateko ibilgailu bat baino gehiago ez izatea; edota bizikidetza unitateko inork ez izatea zorrik Udalarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!