Etenaldi luzetik bueltan, festa haundia Latsunbeberri-Marielutsen

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 1a, 00:00

2019an ospatu zituzten bi auzoetako jaiak, azkenekoz.

Bihartik igandera ospatuko dituzte bi auzoetako jaiak, eta oso egitarau zabala prestatu dute.

Bihar arratsaldeko 19:00etan bukatuko da itxaronaldi luzea, Latsunbeberri eta Marieluts auzoetan. Hiru urtez festarik gabe egon ondoren, goxo hartuko dute jaien hasierako suziri hotsa, auzotarren belarriek. Eta ez dira nolanahi bueltatuko, bi auzoetako jaiak, hiru eguneko programa potoloa prestatu baitute.

Bihar bertan, txupinazoaren ondoren, izango dira ipuin kontalaria (19:00-20:00), Jenny Perlazarekin aerorunba saioa (20:00-21:00), sardin-jate herrikoia (20:30), eta Txingudiko disko jartzaileen musika saioa (21:30-02:00), asteburuko festa haundiaren iragarle. Izan ere, larunbatekoa eta igandekoa izango dira jaietako egun nagusiak. Denetik prestatu dute larunbaterako: buruhaundiak, apar festa, txaranga, paella-jatea, esku pelota, mus, ping-pong eta toka txapelketak, bingo herrikoia, zezensuzkoa...

Eta igandean, esku pelota txapelketaren finalekin batera, bi klasiko izango dira jaien bukaerari saltsa jarriko diotenak: patata tortilla txapelketa eta sagardo dastaketa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!