Ezustekoa ematen saiatuko da Maialen gaurkoan, Kontxako sailkatze estropadan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 1a, 00:00

Hernaniko arraunlariak pozik, Erandion, ETE Ligako azkeneko estropadan.

Hernaniko traineruak oso erronka zaila dauka aurrera egitea, Kontxako estropadak jokatzeko; baina aho zapore onarekin bukatu du ETE Liga.

Ez da kinieletan ageri Hernani, gaur sailkatzea lortu dezaketen traineruen artean, Kontxako Banderaren lehian aritzeko. Erronka zaila dauka Maialen traineruak, eta asko dira, hasiera batean, hernaniarrek baino aukera gehiago dutenak, zazpi postu preziatu horietako bat lortzeko. Baina ez da amore emanda joango traineru berdea Donostiara, eta ezustekoa ematen saiatuko da, denboraldia borobiltzeko.

Gaur arratsaldeko 18:00etan jokatuko dute Kontxarako sailkatze estropada, emakumezkoetan. 19 traineru ariko dira lehian, eta zazpi plaza daude jokoan, zortzigarrena ziurtatuta baitauka Donostiarrak. Honakoak izango dira, Hernanirekin batera ariko diren 18ak: Cabo, Castro, Castropol, Chapela, Salgado-Perillo, Rianxo, Zumaia, Deusto, Arraun Lagunak, Hibaika, Hondarribia, Mugardos-A Cabana, Ondarroa, Orio, Portugalete, Tiran, Tolosaldea eta Zarautz. 2778 metroko joan-etorria osatu beharko dute sailkatze estropadan, erlojupeko proban, gaur goizeko zozketak zehaztutako ordenaren arabera.

Hernanik zazpigarren bukatu du ETE Liga, baina sailkapenak erakusten duena baino aho zapore gozoagoarekin. Izan ere, denboraldian zehar nabarmen egin dute gora, eta azkeneko estropadetan ligako laugarren edo bosgarren postuaren inguruan aritu dira, aurrenekoetatik nahiko gertu. Horrek esperantza piztu du, eta beste koxka bat gora egin nahi dute gaurkoan, ezustekoa ematen saiatzeko, oso zaila izan arren.

Atzokoan, berriz, gizonezkoen sailkatze estropada jokatu zen Donostian, eta honako zazpi traineruak sailkatu ziren (atzo lortutako postuaren arabera ordenatuta), Kontxako Banderaren lehian aritzeko, Donostiarrarekin batera: Hondarribia, Zierbena, Orio, Getaria, Bermeo, Kaiku eta Ondarroa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!