Pentsiodunak kalera, datorren astelehenetik

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 31a, 00:00

Udako geldialdiaren ondoren, asteleheneroko Plazako hitzordua berreskuratuko dutela aipatu dute.

Astelehenero-astelehenero, hitzordua izaten dute pentsiodunek plazan, «pentsio duinen aldeko» borroka aldarrikatzeko. Udako hilabeteak direla eta, ez dira kalera atera elkarretaratzeak egitera. Baina, irailarekin batera, indartsu itzuli dira, astelehenetako zitari berriro ere heltzeko prest. Hain zuzen ere, jakinarazi dutenez, irailaren 5ean, datorren astelehenean, Plazan elkartuko dira eguerdiko 12:00etan.

Argi utzi dute plazara itzultzearen arrazoia: «Erretiratuek eta pentsiodunek bizitza sozialean eta politikoan duten protagonismoa agerian geratzen da berriro ere milioika pertsonak parte hartzen duten mobilizazioetan. Mobilizazioek Euskadiko eta Estatu osoko hamaika herritan eta plazatan jarraitzen dute irailean, gure oinarrizko eta premiazko aldarrikapenen alde». Izan ere, diotenez, helburuak lortu arte ez dute etsiko.

Zehatzak izateko, honako hauxe da eskatzen eta aldarrikatzen dutena: «Pentsioak urtero KPI errealaren arabera birbaloratzea, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa guztientzat; Lanbide arteko gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea, ezezkoa ematea diru publikoa duten pentsio-plan pribatuei, alarguntza-pentsioak izatea oinarri arautzailearen %100ean, gizonen eta emakumeen arteko diskriminaziorik eza, eta, azkenik, orain eta beti bizitza duina pertsona guztientzat».

Aipatutako guztiagatik, Plazara bertaratzeko eta aldarriarekin bat egiteko deia luzatu dute: «Pentsioak defendatzen jarraituko dugu beti, Gobernuan nor dagoen axola gabe».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!