Bosgarren postuan sailkatu zen Maialen, azken jardunaldian

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 31a, 00:00

Maialen trainerua Zarauzko estropadan. Argazkia: Amaia Manterola Roteta

ETE Ligako azken estropada izan zen Erandion, eta 11:07:89 denbora lortu zuten hernaniarrek.

ETE Ligako azken jardunaldia izan zen joan den asteburuan, eta ederki aritu ziren hernaniarrak. XXXV. Bandera izan zen Erandion, eta bosgarren postuan sailkatu zen Maialen trainerua. Zarautzen atzetik gurutzatu zuen helmuga, 11:07:89ko markarekin. Hondarribiak lortu zuen lehenbiziko postuan amaitzea, 10:48:40 denborarekin. 

 

Kontxako Banderarako sailkatzea helburu, bihar

Ligako sailkapenari begira, zazpigarren postuan amaitu du Hernanik, 62 punturekin. Orain, argi du zein den bere hurrengo helburua: Kontxako Bandera. XV. Emakumezkoen Estropadaren sailkapen froga izango da bihar, erlojuz kontra, arratsaldeko 18:00etan hasita. Denera, 20 traineru uretaratuko dira. Gero, aurreneko zazpiak lehiatuko dira, Donostiarrarekin batera, irailaren lehenengo igandean ospatuko den Lehen Jardunaldian. Horiek, helburu izango dute iraileko bigarren igandeko Emakumezkoen Ohorezko Tandara sailkatzea.

Emakumezkoetan, sailkapen estropadan parte hartuko dute Urumea bailarako beste hainbat arraunlarik ere. Hondarribiarekin, Miren Garmendiak eta Maider Perezek; Oriorekin, Eider Barbak; Hibaikarekin, Nora Urbek, Garazi Arabiatorrek, Jone Pastorrek eta Ihintz Larrañagak.

Gizonezkoen modalitatean, sailkapen estropada, berriz, gaur izango da. Arraunean arituko dira, 18:00etatik aurrera,.Xabat Pastor, Iker Imaz eta Ander Balda Donostiarrarekin parte hartuko du hirukoteak, Kontxako estropadetan. Donostiarra zuzenean dago sailkatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!