«Zaila bada ere, ametsa da lehenengo 12 bikote onenen koadroan sartzea»

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 31a, 00:00

Aitor Lizarazu Donostiako XVII. Aste Nagusiko Hondartza Boleibol Sarian.

Denboraldia amaitu aurretik, hitzordu garrantzitsua dauka aurretik Aitor Lizarazu hernaniarrak: Fuengirolan arituko da datozen egunetan, Espainiako Hondartzako Boleibol Txapelketan, Pablo Lasterra bikotearekin. 

Espainiako Hondartzako Boleibol Txapelketan parte hartuko du Aitor Lizarazu Hormilla hernaniarrak, Pablo Lasterra donostiarrarekin batera. Bihar dute lehenengo norgehiagoka, Fuengirolako Higuerón Resort-ean. 

 

Zein helbururekin hasiko duzu txapelketa?

Espainiako Txapelketan izaten dira Espainiako jokalari onenak, Olinpiar Jokoetan parte hartzen dutenetatik hasita. Alegia, jakin badakigu maila altua izango dela. Gure kasuan, ranking-ean ditugun puntuengatik, aurreko sailkapen faseak jokatu beharko ditugu koadroan sartu nahi badugu. Horregatik, gure helburua edo ametsa, hobeto esanda, da 12 onenen koadroan sartzea. Zaila izango da, baina, beno, hori lortzen saiatuko gara. 

 

Podiumak lortzen ari zara azken hilabeteotan. Zure maila onenean zaudela esango al zenuke?

Egia esateko, ez. Aurretik maila hobea izan dudala esango nuke. Baina, emaitzei dagokienez, nahiko urte ona izaten ari da. 

 

CrossFit-ean ere aritzen zara. Horrek laguntzen al dizu maila mantentzen?

Bai. Aurtengo negua lehenengoa izan da niretzat CrossFit-ean. Kantxan atseden hartu eta horretan aritu naiz. Gero, udan, alderantzizko bidea izan dut: CrossFit-a beharrean, hondartzako boleibola. Edozein modutan, CrossFit-a konplementu gisa izan dut eta, ezbairik gabe, onerako izan dela esan beharra daukat. Forma fisikoa mantentzen laguntzen dit. Indarra eta potentzia izatea oso lagungarria da hondarretan aritzeko, eta fisikoki ondo egotea ezinbestekoa da kirol honetan.  

 

Pablo Lasterra donostiarrarekin zer moduz moldatzen zara bikote gisa?

Hiru urte daramazkigu elkarrekin txapelketetan, eta ondo ulertzen gara. Bikoteak osatzerakoan, beti bilatzen da adin eta maila antzekoa duen norbait, eta, gure kasuan, ni zertxobait helduagoa naizen arren, horrek bikotea orekatzen duela esango nuke. 

 

Beti izan duzu gustuko hondartzako boleibola?

Bai, baina aitortu behar dut gehiago gustatzen zaidala kantxakoa. Hondartzakoari dagokionez, 20 urterekin hasi nintzen maila nazionalean konpetitzen, eta gustura nabil ordutik. 

 

Zure jokalari ibilbidea hondartzako boleibolera bideratu eta kantxakoa alde batera utzi al duzu?

Jokalari izateari dagokionez, behintzat, bai. Hernaniko klubean talde gorakada haundia egon da azken urteetan, eta entrenatzaileak behar zirenez, jokalari postua utzi eta esperientzia berri horretan sartzea erabaki nuen. Izan ere, Bera Beran lehenengo mailan bost urtez jokatu ostean, Hernanin bi denboraldi egin nituen eta, hemen nengoela, beti izan nuen besteei erakusteko edo laguntzeko grina. Hau da, dagoeneko asetu dut kantxako jokalari ibilbidea, eta orain hondartzan eta entrenatzaile gisa arituko naiz. 

 

Oso desberdinak al dira bi modalitateak?

Bai, oso. Esan bezala, nire ustez kantxakoa politagoa eta ikusgarriagoa da. Hori bai, zailagoa ere bada. Baina hondartzakoak xarma haundia dauka. Itsasotik gertu, musika, jendea... Beste kontu bat da. Askoz neketsuagoa ere bada, hondarrak horixe eskatzen duelako. Gainera, argia, tenperatura eta haizea ere kontuan hartu behar dira hondartzakoan. Oro har, kanpo faktoreek asko baldintzatzen dute modalitate hau. Kantxan, aldiz, ez da hori gertatzen. Izan ere, argia, adibidez, beti antzekoa edo berbera da. Eta, noski, garrantzitsuena da kantxakoan sei jokalari izaten direla eta hondartzakoan, berriz, bi. 

 

Aurten ere entrenatzaile gisa arituko al zara?

Bai, jubenil eta senior nesken entrenatzailea izango naiz. Zaila eta gogorra da batzuetan bi talderekin aritzea, baina giro polita dugu taldeetan, jokalari jatorrak dira, eta horrek lana arintzen du.

 

Epaile lanetan ere aritzen zara, ezta?

Bai. Gero eta jende gehiago garen arren, boleibola nahiko kirol txikia dela esan genezake. Horregatik, beti behar izan dira epaileak, eta, beharra dagoenez, behar den eta ahal den guztietan laguntzen saiatzen naiz. Beti diot boleiboleko titulu gehiago ditudala titulu akademikoak baino! 

 

Fuengirola duzu orain helburu. Eta, ondoren?

Boleibolari dagokionez behintzat, atsedenerako tartea hartuko dut hau amaitzean. Espainiako Txapelketarekin, amaitutzat emango dut denboraldia. Izan ere, hara eta hona ibili gara orain arte, uste baino leku gehiagotan: Donostian, A Coruñan, Laredon, Santanderren, Bartzelonan... Orduan, aurtengoz, nahiko!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!