260 lagun izan ziren futbolean eta 300, berriz, bazkarian

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 30a, 00:00

Futbol 7 Txapelketako parte-hartzaile gehienak, Zubipen, larunbat goizean.

Joan den larunbatean jokatu zen euskal presoen eta iheslarien aldeko Futbol 7 Txapelketa. Inoizko partaidetzarik altuenarekin, sekulako giroa izan zen goizeko txapelketan zein ondorengo bazkarian. 

25 taldek parte hartu zuten partiduetan, eta, denera, 260 partaidek zapaldu zuten Zubipeko zelaia. Zurtidoz Artiatz izan zen garaile, eta Txispas B.P. taldeak lortu zuen bigarren postuan sailkatzea. 

Tilosetako bazkarian, berriz, 300 lagun batu ziren, eta ederki bazkaldu zuten elkarrekin jai-giroan. Ondoren, festa izan zen Luzianorekin eta kale buelta musikatuarekin.

«Erraz ahaztuko ez dugun egunagatik», antolatzaileek es­kerrak eman dizkiete parte-hartzaileei, eta bolondresei zein musutruk sariak eman zituzten herriko jatetxeei, sagardotegiei, komertzioei eta dendei. «Itzuli behar ez dugun eguna heldu arte, jo ta ke!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!