Andoni Rekondo Bertsolari Gazteen Txapelketako finalera sailkatu da

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 30a, 00:00

Andoni Rekondo 2. kanporaketan parte hartu zuten gainerako bertsolariekin.

Lizardi Sariko bigarren kanporaketan, 225 punturekin gailendu zen. Finala ostiralean izango da, Zarauzko Modelo aretoan.

Bertsolari Gazteen XLVI. Lizardi Sariko bigarren kanporaketa jokatu zen joan den ostiralean, eta borobil aritu zen Andoni Rekondo hernaniarra. Bera gailendu zen saioan, 225 punturekin. Kanporaketak amaituta, txapelketako finala ostiralean izango da, Zarauzko Modelo aretoan. Gaueko 22:00etan hasiko da, eta sarrerak 3 euroan eskura daitezke Zarauzko turismo bulegoan edo, egunean bertan, aretoko leihatilan.

Rekondok adierazi du «azken momentuan» sartu zela sariketara. «Final aurreko kanporaketa ostiralean izan zen eta ni suplente gisa sartu nintzen, asteartean, beste bertsolari batek kale egin zuelako. Sekulako maila zegoen, bertsotan asko aritzen diren bertsolariekin. Baina, egia esan, urduri joan banintzen ere, hasieratik hartu nuen entrenamendu eta erronka baten modura», kontatu du. «Izan ere, jakin banekien besteen mailaren azpitik egon nintekeela, eta presio haundirik gabe joan nintzen».

Bertsolariek lau ariketa egin behar izan zituzten, eta, hernaniarraren esanetan, segurtasunez aritu zen hasieratik. «Zortziko haunditik nahiko ondo sumatu nuen neure burua, ideiak bururatzeko freskotasunarekin eta azkartasunarekin. Ondoren, saioak aurrera egin ahala, ikusi nuen sailkatzeko aukerak nituela, eta, horregatik, zertxobait urduritu nintzen».

Hernanikoak «sorpresaz» jaso zuen garaipena. «Emaitzak jasotzerakoan, ez nuen espero lehenengo postuan gelditzea eta are gutxiago puntuazio hori lortzea, bigarrenarekin alderatuta. Nire lehenengo sariketa izan zen, eta egindako saioarekin sailkatu nintekeela ikusi banuen ere, irabaztea ez nuen espero inondik inora ere».

Finalari begira, lasai dagoela aitortu du: «Orain oso pozik nago. Ez dut presiorik, eta gogotsu nago bertsotan aritzeko eta parte-hartzaileekin saioa egiteko. Maila altua duen jendea da, eta beti egiten du ilusioa horrelakoekin aritzeak. Aukera aprobetxatu, ahal dela gustura gelditu eta jendeari gozatzeko eta par batzuk egiteko motiboa ematea da nire helburua».

 

Sei bertsolari, finalean

Bigarren kanporaketa jokatuta, dagoeneko zehaztuta gelditu da finalean ariko den seikoa: Andoni Rekondo, Aner Peritz, Gorka Pagonabarraga, Oier Etxeberria, Aitor Tatiegi eta Naia Arrizabalaga. Kanporaketako­ kalifikazio altuena lortuta, Re­kondok lortu du zuzenean sa­ilkatzea ostiraleko finalera. Os­tegunean, berriz, Aner Peritz izan zen nagusi, 271 punturekin. Hori horrela, biek egin dute zuzeneko bidea finalera. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!