UTMBko gazteen proba 13garren bukatu du Anartz Artolak

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 28a, 00:00

Anartz Artola, Euskal Selekzioko taldekideekin, Chamonixen.

Hernaniarrak YCC izeneko proba jokatu du aste honetan zehar, bi etapakoa, Ultra Trail de Mont Blancek gazteentzako antolatutakoa.

Munduko mendi lasterketarik ezagunena da Ultra Trail de Mont Blanc, eta bere baitan jokatzen den probetako batean aritu da Anartz Artola hernaniarra egun hauetan, Chamonixen (Frantzia), Euskal Selekzioarekin. Gazteei zuzendutako YCC (Youth Chamonix Courmayeur) proba jokatu du Artolak, 18-22 urtekoentzako antolatzen dutena, munduko mendi korrikalari gazte onenekin batera.

Bi etapa izan ditu YCC probak. Aurrenekoa, 15 kilometrokoa eta 1.000 metroko desnibel positiboa zuena, 14garren bukatu zuen hernaniarrak asteartean, 1:36:26 denborarekin. Nicolas Molina espainiarrak irabazi zuen proba, 1:27:31 denborakin, hernaniarrak baino 8 minutu eta 55 segundu azkarrago. Hurrengo egunean jokatu zuten bigarren etapa, eta laburragoa eta azkarragoa izan zen hori: 5 kilometrokoa, 170 metroko desnibelarekin. 21garren bukatu zuen Artolak, 26:49 denborarekin. Horretan, Victor Lagarde frantziarra izan zen azkarrena, 24:35 denboran osatuta ibilbidea, bi minutu pasatxo azkarrago.

Horrela, bi etapetako denborak batuta, 13garren postuan bukatu du YCC proba Artolak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!