Ansarekin galduta, gaur jakingo du Barrenetxeak finalerdian ariko den

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 27a, 00:00

Barrenetxeak arazoak izan zituen peloteoan, Ansaren aurka. Argazkia: Maialen Andres

Hernaniarrak 30-23 galdu zuen Ansaren kontra, ostegunean, eta Urrizak Juaneneari irabaztea behar du.

Imanol Ansak gutxienez finalerdirako txartela ziurtatu zuen ostegunean, Endika Barrenetxea hernaniarrari 23-30 irabazita, Buruz Buruko Txapelketaren ligaxkako azkeneko jardunaldian. Aurrelari urnietarrak finalera zuzenean pasatzeko aukera dauka oraindik, baina Javier Urriza gaurko partiduan 17 tantora ez iristea beharko du horretarako. Bigarren postua, behintzat, ziurtatu du, zortzi punturekin.

Barrenetxea IV.ak, bestalde, lau punturekin bukatu du ligaxka, eta gaurko partidua bukatu arte itxaron beharko du, finalerdian ariko den ala ez jakiteko. Horretarako, Aritz Juaneneak Urri­zari ez irabaztea behar du. Juanenearen garaipenak txapelketatik kanpo utziko luke atzelari hernaniarra.

Ostegunean, Ansa II.ak merezimendu osoz irabazi zion Barrenetxeari. Apustuetan Barrenetxearen alde atera zen dirua, baina katedrak ez zuen asmatu. Kantxan gozatu egin zuen Ansarekin egin zuen topo, eta eroso eta konfiantzaz jokatu zuen urnietarrak, partiduaren hasieratik. Partidua berdinduta mantendu zen 14nako eta 15nako berdinketetara arte, baina hortik aurrera, Ansak ihes egin zuen markagailuan: 16-20, 18-23, 20-25, 21-29 eta 23-30.

Urnietarra azkar ibili zen, ezker pareta ondo jotzen. Zortzi tanto egin zituen saketik, eta peloteoan nagusi izan zen, 19 tantorekin. 19 horietatik hiru errebotean egindakoak izan ziren, eta bi paretaz beste bi. Lau akatsekin amaitu zuen partidua. Barrenetxea deseroso aritu zen, eta peloteoan konfiantzarik gabe. Saketik bost tanto egin zituen, 14 peloteoan, eta hiru huts egin zituen. Partiduak 53 minutu iraun zuen.

Barrenetxeak luze jo zuen pelota, baina erreboteatik bueltan jaso beharrekoak erosoak izan ziren Ansarentzat. Ondo iritsi zen partiduaren amaierara, eta hobeto aritu zen peloteoan eta sakearekin, lau puntuak eskuratzeko. Iazko ligaxka ere halaxe amaitu zuten, Ansaren garaipenarekin; baina ondoren, finalerdian hernaniarrak lortu zuen garaipena.

 

Urriza-Juanenea, gaur

Buruz Buruko Txapelketaren ligaxka gaur bertan amaituko da, 16:30etan, Urrizaren eta Juanenearen arteko partiduarekin. Urrizak finala eskura du, eta nahikoa luke 17 tanto egitea, finalera zuzenean sailkatzeko. Juaneneak, berriz, oraindik aukera du finalerdira sailkatzeko. Horretarako, derrigor irabazi beharra du. Urriza da faborito, eta sasoi onean dagoela erakutsi du, aurreko bi partiduetan. Juaneneak dena egin beharko du ondo, irabazi ahal izateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!