Portuko San Joan Txiki jaiak hasi dira, eta festa giroak goia joko du asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 27a, 00:00

Txapeteri eginiko lore eskaintzan, auzotar eta herritar askok hartu zuten parte.

Portuko Jaietako argazki lehiaketa ere martxan da, eta 'kronika@kronika.eus' helbidera bidali beharko dira argazkiak, astelehena baino lehen.

Portuko San Joan Txiki Jaiak hasi ziren atzo goizean, haurren protagonismoarekin. Eguerdian bota zuten suziria, Txapeteri lore eskaintza egin ondoren, eta haurrak jolas parkingean gozatzen ari ziren bitartean. Sardin jateak eta Oihan Vegaren diskofestak murgildu zituzten helduagoak, auzoko festetan.

Jai giroak asteburuan joko du goia, dena den. Makina bat ekintza prestatu dituzte bi egunetarako, eta gaurkoan, esaterako, 69garren edizioa izango du Asto Karrerak. Musika, berriz, Laiotzek jarriko du, bi saiotan.

Gazteenak ederki aritu ziren puzgarrietan.

 

Argazki lehiaketa, martxan

Festetako momentu ederrenak betiko izoztuta gelditzeko asmotan, argazki lehiaketa antolatu du Portuko Jai Batzordeak, Kronikaren laguntzarekin. «Prestatu argazki-kamerak eta animatu parte hartzera!», bota dute mezua antolatzaileek.

Parte hartu nahi dutenek, datorren astelehenera arte, hilak 29, izango dute horretarako aukera. Posta elektronikoz bidali behar dira argazkiak, partaide bakoitzak gehienez ere hiru, kronika@kronika.eus hel­bidera. JPG formatuan bidali beharko dituzte argazkiak, norberaren izen-abizenekin batera.

Sariak ere izango dira argazki onenentzat, eta Jai Batzordeak prest ditu dagoeneko, irabazleentzako opariak. Datozen egunetan emango dute horren berri.

 

PORTUKO JAIAK

GAUR, larunbata

08:00 Egunsentia, suzirien jaurtiketarekin.

11:30 Haur jokoak: zaku-karrerak, aulki-jolasa, lokotxak, ura eta irinaren jolasa...

13:00 Zinta lasterketa, izugarrizko opariekin.

Jarraian, Tiro karabina txapelketa.

16:30 Umeentzako tailerrak.

18:00 LXIX. Asto Karrera. Babeslea: Zintzarri taberna.

19:00 Patxin eta Potxin pailazoen ikuskizuna.

Jarraian, Umeentzako dantzaldia Laiotz taldearekin.

Ondoren, denok afaltzera gauerako indarrak hartzeko.

00:00 Dantzaldia Laiotzekin.

BIHAR, igandea

08:00 Egunsentia, suziriekin.

09:30 Diana txistulariekin.

12:00 Meza auzoko hildakoen alde.

12:00 Hernaniko Bertso Eskolako bertsolarien saioa.

12:30 Sagardo-dastaketa. Sagardotegiak: Altzueta, Oialume-Zar, Olaizola, Eula, Akarregi, Alberro, Elorrabi, Iparragirre, Artola, Itxas-Buru, Otsua-Enea, Rufino eta Gurutzeta.

13:00 XLVI. Toka eta Bote Txapelketa. Izena emateko epea 12:50etan amaituko da.

14:30 Bazkaria, Euskal Parrillaren eskutik.

18:30 Herri kirolak. Babeslea: Akelenea. Aizkolariak: Laiene Pikabea, Malen Barrenetxea, Beatriz Tanco, Klaudia Muñoz, Iker Vicente eta Mikel Larrañaga. Harrijasotzaileak: Jokin Eizmendi eta Mikel Lopetegi 'Urra'.

Jarraian, Dantzaldia Laiotz taldearekin.

00:00 Dantzaldia Laiotz taldearekin.

Tartean, zezen suzkoa eta festei amaiera emateko azken traka.

Erlazionatuak

Portuko Jaiak, ostirala

Kronika - Erredakzioa 2022 abu 26 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!