Musika gauero, Oihan Vegarekin eta Laiotzen saio laukoitzarekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 26a, 00:00

Oihan Vega, aurreko emanaldi batean, Santurtzin.

Gaueko 23:00etan hasiko du emanaldia gaur Oihan Vega disko jartzaileak, eta bina saio eskainiko ditu Laiotzek asteburuko bi egunetan.

Goizean goizetik izango dira mugituak bezain alaiak, Portuko San Joan Txiki Jaietako hiru egunak. Baina eguna goiz hasiagatik, ez dira goiz etxeratuko iluntzean: berandu arte luzatuko da festa egunero, eta musika arduratuko da horretaz.

Gaurkoan, Oihan Vega disko jartzaileak girotuko du Portu auzoa, gaueko 23:00etan hasiko duen saioarekin. Telebista aurkezle eta irrati esatariak Diskofesta emanaldia ekarriko du, dagoeneko Euskal Herriko plaza gehienetara eraman duena. Izan ere, 500 emanaldi inguru eskaini ditu, 2007tik gaur arte. Azkeneko hiru hilabeteotan 30 saio izan ditu, eta gaur Portun aritu ondoren, Irurren eta Lakuntzan ariko da asteburuan.

Hiru orduko saioa eskainiko du, musika mota ezberdinez osatutako errepertorio zabalarekin, «euskal musika sustatuz eta kantu matxistak errefusatuz». Eta hori guztia, «argi efektu ikusgarriekin, eta piroteknia, konfeti eta ezusteko ugarirekin».

Bihar eta etzi, berriz, bailarako festetan hutsik egiten ez duen talde bat arduratuko da denak dantzan jartzeaz: bina saio eskainiko ditu Laiotz taldeak, bi egunetan. Biharkoan, aurrena, 20:00ak aldera izango da haurrentzako dantzaldia; eta ondoren, gauerdian hasita, helduentzako saioa. Igandean, berriz, lehenago hasiko dute aurreneko saioa, 19:30ak aldera; eta gauerdian, jaiei amaiera emateaz arduratuko dira, zezensuzkoarekin eta azkeneko trakarekin batera.

Plazaz plaza ibili da Laiotz, udara honetan ere; eta bailarako ia festa guztietan gozatu dute bere musikarekin: Osiñagako Jaietan, Ereñotzuko San Antoniotan, Gabriel Zelaiako Udako Festan, Hernaniko San Joanetan, Martindegiko San Ferminetan, Astigarragako Santiotan, Goizuetako Amabirjinetan eta Ergobiko Jaietan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!