Urumeako 0km gida

«0 kilometroa lantzea da gure helburua; Hernanin ekoizten dena, Hernanin saltzea»

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 26a, 00:00

Arriatzun, Zapa kaleko barazki dendan, herritarrek bertako barazki eta produkturik onenak aurkitu ditzakete. 86 urtetako esperientzia, aro berrietara egokitu du Zeberio Zubeltzu familiak.

Arriatzu dendan barazki eta baserriko produktu onenak aurkitu daitezke, Zapa kalean. «Barazkiak ekoiztea izan da beti gure ogibideetako bat, eta azken urteetan, era esklusiboan, horretara dedikatzen gara Arriatzu baserrian. Famili giroko negozioa da gurea, baserrikoa, betikoa.  Etxe inguruan ditugu baratzak, eta guk landatu, zaindu, mimatu, jaso eta prestatzen ditugu barazkiak, egunero, Zapa kalean dugun dendara eramateko. Garaian garaiko produktuak dituzue aukeran bertan, eta guztiek dute komunean ezaugarri bera: kalitatea.  Urteko sasoiaren arabera, eskuragarri izango dituzue  etxekoak: azelgak, porruak, kalabaza, kalabazina, azenarioak, tomatea, letxuga, roblea, aza, espinakak, tipulinak, piperrak, gindillak...», azaldu dute.

Horrez gain, Arriatzuko belaunaldi berriek, egungo gizartera egokitzeko erronkari ekin diote azken urteetan, Lixto sortuz. Kontsumo ohiturak aldatuz joan diren neurrian, sortu diren behar berrietara egokitzen da Lixto: «barazkia txikituta saltzen dugu, platerean edo eltzean, jan edo sukaldatzeko prest dagoena. Lixtok, garaian garaiko gure baserriko produktuak ditu, moztuta, garbituta, desinfektatuta eta lehortuta; inongo kontserbante eta koloranterik gabe; %100 naturalak. Eta Lixto formatuaren barruan, aukera ezberdinak dituzu: porrupatata egiteko, barazki purea edo salda prestatzeko, txikitutako lekak, barazki menestrak egiteko aukera ezberdinak, entsaladarako letxua eta roblea, aza... eta nahi izanez gero, zuk behar duzun hori».

Fruituak ere saltzen dituzte Arriatzun: «sagarrak, pikuak... tarteka baserrikoak izaten ditugu. Fruitu gehienak, ordea, ekarri egiten ditugu. Bertakoa edo ahal den gertuenekoa bilatzen dugu; eta kanpokoak diren kasuan, kalitate onena bilatzen dugu».

Lekaleek ere leku propioa dute Arriatzu barazkiak dendan: babarrun beltza, txuria edo gorria, lentejak, garbantzuak... «Arrozari ere egin diogu tartea, azken hilabeteetan».

Arrautzak, sagardoa, txakolina, gazta, ardi esnea, yogurrak eta euskal baserrietan ekoizten diren beste hainbat produktu ere, aurkituko dituzu Arriatzun. «Etxeko produktuak ez direnean, saiatzen gara Hernaniko edo inguruko baserritarrei erosten, bertakoa bertakoek kontsumitu dezaten».

Eta horiez gain, beste hainbat kutixi ere aurki ditzakezu Arriatzun: kontserbak, olioak, gozoak, fruitu lehorrak...
 

San Isidrotan aitortza, 86 urte lurra eta produktuak lantzen eman ondoren

Arriatzu baserriko familiak omenaldia jaso zuen aurtengo San Isidro egunean, eta ez da gutxiagorako: 86 urte eman dituzte lanean, bertako produktuak lantzen. 

«Baserria erosi eta berehala hasi ginen, etxe ondoko baratzean ekoizten genituen produktuak Donostiako Bretxa merkatura eramaten. 1936 urtea zen hura». 

Bretxa batetik bestera, eta handik Sarriegi plazara aldatu zituzten, eta hortik San Joan kalera. 2012an, Santo Tomas egunarekin kointzidituarazita, baserriaren izen bera duen denda zabaldu zuten Zapa Kalean. «Guk baserrian ekoiztutakoa,  herritarrek eskura izatea da helburua: 0 kilometroa lantzea, hau da, Hernanin ekoizten dena, Hernanin saltzea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!