Gaztetxoen gozamenerako, makina bat ekintza gaur eta bihar

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 26a, 00:00

Zinta lasterketa izango dute bihar eguerdian, «izugarrizko opariekin».

Protagonismo berezia izango dute haurrentzako jarduerek, Portuko Jaien aurreneko bi egunetan: jolas parkea, zinta lasterketa, pailazoak...

Adin guztietako herritarrek izango dute zerekin gozatua, aurtengo Portuko Jaietan ere. Eta bereziki pozik begiratuko diote egitarauari gaztetxoek, makina bat ekintza prestatu baitituzte haientzat, gaurko eta biharko.

Haurrak izango dira auzoko festez gozatzen aurrenekoak, gainera. Marrazki eta pintura lehiaketarekin hasiko dute gaurko goiza, 10:00etan; eta egindako lanekin, erakusketa jarriko dute eguerdiko 13:00etan. Haurrentzako parkea ere izango da goizean zein arratsaldean (11:00-13:30 eta 6:00-19:00), mota guztietako jolasekin: puzgarriak, parke txikia, ohe elastikoak eta olla. Bestelako jokoetan ere arituko dira arratsaldean, 17:00etatik aurrera: zaku karrerak, lokotxak, aulki jokoa, uraren eta irinaren jokoa... Eta indarrak berritzeko, txokolatada ere izango dute.

Ekintza sorta polita izango badute gaur, are anitzagoa da biharkoa. Jokoak izango dituzte berriro goizean, 11:30etan hasita. Zinta lasterketarekin arituko dira ondoren, 13:00etan, «izugarrizko opariekin», aurreratu dutenez. Eta goizeko txanda bukatzeko, tiro karabina txapelketa ere izango dute jokoan. Arratsaldean, berriz, beste hiru hitzordu jarri dituzte haurrentzat: tailerrekin ekingo diote 16:30etan, Patxin eta Potxin pailazoen ikuskizunaz gozatuko dute 19:00etan, eta gaztetxoentzako dantzaldia eskainiko du Laiotzek, ondoren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!