Gaur emango diete hasiera Portuko jaiei, eta makina bat egiteko izango da

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 26a, 00:00

Pandemia aurreko itxura berreskuratuko dute Portuko jaiek aurtengoan. Argazkia: 2019ko sagardo-dastaketa.

Egitarau zabala prestatu du Portuko Jai-Batzordeak datozen egunetarako. Atzo hasi ziren San Juan Txikiak, eta hiru egunez luzatuko dira igandera arte. Gaur, denetarik izango da haurrentzat, gazteentzat zein helduentzat, goizeko 08:00etan hasita.

Heldu da abuztuko azken asteburua eta, horrekin, Urumea bailaran aski ezagunak diren Portuko jaiak, San Juan Txikiak. Oporretatik bueltan, lagunekin eta senideekin elkartu, eta jai-giroan gozatzeko aukera ezin hobea izaten dira. «Hariak jarrai dezala» lemapean, gaur emango diote hasiera egitarauari, eta, denera, festa hiru egunez luzatuko da igandera arte. Gainera, betiko moduan, adin tarte guztientzako herritarrentzat prestatu dituzte ekintzak, eta, gaurko martxa hartuta, denetarik egiteko aukera izango da. 

 

San Joan Txikiak, gaurtik

Gaur hasiko da festa, eta 10:00etan ekingo diete zerrendako ekintzei. Marrazki eta pintura lehiaketak zabalduko du egitaraua, eta, gero, 11:00etatik 13:00etara, haurren parking-a irekiko dute. Izango dira puzgarriak, ohe-elastikoak, parke-txikia eta lapikoa. 

Tartean, Mi­kel Valdi­bia Vida Txapeteri egingo diote lore eskaintza. Auzotarra zendu zenetik hutsik egiten ez duen oroimen ekitaldia da, eta 11:30etan izango da, aurreko urteetako ordutegi berean.

Jaiei hasiera emateko txupinazoa 12:00etan botako dute. Horrekin batera, izango dira buruhaundiak eta txistulariak, auzoko txokoetatik barrena «alaitasuna zabaltzeko prest». Kale-jira amaitzean, urtero moduan, marrazkien erakusketa ere egingo dute. Auzoko gazteek goizean izango dute marrazteko tartea eta, gero, 13:00etan, lanak auzotar guztiei erakutsiko dizkiete. 

Bazkaltzeko ordua heltzean, koadrilan edota familiartean bazkalduko dute auzokoek, arratsalderako indarrak hartzeko. Hain zuzen ere, 16:00etatik 19:00etara izango da, berriro ere, haurren parking-a. Haur-jolasak ere izango dira bitarte horretan; nahi dutenek, parte hartu ahal izango dute zaku-karreretan, aulki-jolasean, lokotxetan, uraren eta irinaren jolasean, eta beste hainbat jolasetan. 

Beranduxeago, Txapete ekarriko dute gogora, berriro ere. Berari eskainitako Lorontzi lehiaketa izango da 18:00etan. Parte-hartzaile bakoitzak dotore-dotore atonduko du berea, eta ondoren, txokolatada egingo dute guztiek elkarrekin. Jakina, aurtengoan ez du hutsik egingo sardin-jateak. 20:00etan izango da hori, eta borobila izango da aurtengoa, 30. edizioa baita.

Eguna amaitzeko, Oihan Vegarekin diskofesta izango da plazan. Telebistako-aurkezlea, irrati-esataria eta musikaria da Vega, eta uda honetan agenda bete-betea badu ere, Portu izango da bere abuztuko hitzorduetako bat. Auzotarrak dantzan jartzeko prest helduko da Bergarakoa, bere festa guztien moduan, jaia topera lehertzeko gogoz. 

Bere aldetik, egitaraua helduta, Jai-Batzordeak eskerrak eman dizkio gaurko egunean Hugo eta Eusebio Tiroko familia guztiari. Portukoek urtero eskertzen diete auzoagatik egiten dutena. Urtero-urtero jartzen dituzte puzgarriak eta atrakzioak, eta estimu haundia diete guztiei. 

 

Umeentzako tarte zabala 
izango da bihar

Bihar, jaiak goizeko 08:00etan esnatuko du auzoa. Suzirien jaurtiketa izango da goizean goiz, larunbata modu ikusgarrian hasteko. Ondoren, 11:30ak aldera hasiko dituzte haur-jolasak. Betiko legez, plazan elkartuko dira haur guztiak eta hainbat jolas egingo dituzte elkarrekin. Izango dira zaku-karrerak, aulki-jolasa, lokotxak, ura eta irinaren jolasa, eta beste hainbat. 

Ondoren, 13:00etan, urteroko zinta lasterketa egingo dute. Zirkuitua prestatu, bizikleta gainean igo, eta zintzilikatutako zintak harrapatu beharko dituzte txirrindulariek. Trebezia beharko dute horretarako, baina Portukoek badute nahikoa entrenamendu, eta erraz osatuko dute ibilbidea. Antolatzaileek aurreratu dutenez, «izugarrizko opariak» izango dira. Beraz, horrek ere bultzada emango die parte-hartzaileei. 

Lasterketa amaitzean, Tiro karabina txapelketa hasiko da. Xarma berezia izaten du hitzordu horrek ere, hantxe elkartzen baitira auzotarrak, ea aurtengoan punteria onena nork izango ote duen jakiteko gogotsu. 

Eguerdian, lasai bazkaltzeko tartea izango da. Izan ere, egitaraua jarraituta, arratsaldeko 16:30etan hasiko da hurrengo ekintza. Hori horrela, bazkalorduan, lagunekin, senideekin edota nahi denarekin mahai inguruan elkartu eta hizketan aritzeko aukera luzatuko diete auzotarrei. 

Umeentzako tailerrak izango dira hurrengo saioa eta, gero, asteburuko zita esperoenetakoa helduko da. Zintzarri tabernak babestuta, LXIX. Asto Karrera izango da 18:00etan. Urte mordoa ditu lasterketa horrek, eta ohitura ere bilakatu da Portu auzoan. Asto gainean mozorrotuta igo, eta helmugara heltzea dute helburu partaideek. Jendetza bertaratzen da auzora, ikusgarria baita auzotarrak asto gainean ikustea. Gainera, aspaldian hasitako ekintza da, eta oso kuttuna dute Portun.

Agendan ikus daitekeen moduan, umeek protagonismoa izango dute bihar. Hain zuzen, ekintza asko beraientzat prestatu dituzte. Asto karrera amaitzean, Patxin eta Potxin pailazoak igoko dira oholtza gainera. Ikuskizuna aurkeztuko dute bertaratzen diren guztien aurrean, eta barre-algaretarako prest egon beharko dute ikus-entzuleek, benetan barregarriak baitira bi artista horiek. Patxin eta Potxin baserrira izeneko emanaldian, protagonistak egun pasa doaz eta, bide batez, ikusleak ere bertan sentiarazi nahi dituztela aurreratu dute: «Une oro erne eta adi egongo da ikuslea. Saio honen helburua da mendiek, basoek eta zelaiek ematen digutenarekin ondo pasatuz ikastea. Animalien lagun izaten eta bakean uztearen garrantzia ikasiko dugu. Eta jolastuz baserriko eginkizunetan parte hartuko dugu». Ordubeteko saioa izango da, euskeraz. 

Emanaldia amaitzean, Laiotz taldeak hartuko du erreleboa. Herriz herri eta auzoz auzo dabil Laiotz uda honetan, eta Portuko geldialdia galdu ezina dela aurreratu zion Itxaso Treku abeslariak Kronikari, joan den astean. Horregatik, aurten ere hainbat alditan igoko dira agertokira Portukoak dantzan jartzera. Kasu honetan, Umeentzako Dantzaldia izango dela aurreratu dute. Beraz, musika eta abestiak ere auzoko txikienei zuzenduko dizkietela espero da. 

Afaldu ondoren, Laiotzek jarraituko du festa. 00:00etan piztuko dira fokuak, eta erromeria giroan murgilduta agurtuko dute eguna auzotarrek zein jaira hurbiltzen diren gainerako herritarrek ere. 

 

 

Herri kirolak, bertso saioa, 
sagardo-dastaketa... igandean

Etzi ere suziriek esnatuko dute auzoa. Goizeko 08:00etan botako dituzte, eta diana izango da ondoren, 09:30etan. Txistulariak auzoan barrena arituko dira Portuk festa-giroan jarraitzeko helburuz. 

Eguerdia helduta, meza izango da 12:00etan, auzoko hildakoen alde. Ordu berean, Iraulio Panttalone Hernaniko Bertso Eskolako bertsolarien saioa izango da plazan. Oholtza gainera igoko dira Asier Azpiroz 'Azpi', Eli Pagola eta Ekain Tolaretxipi.  Beraiek girotuko dute auzoa, eta sagardo dastaketa hasiko da orduan, 12:30etan. Hauexek izango dira parte hartuko duten sagardotegiak: Altzueta, Oialume-Zar, Olaizola, Eula, Akarregi, Alberro, Elorrabi, Iparragirre, Artola, Itxasburu, Otsua-Enea, Rufino eta Gurutzeta. 

Sagardoa dastatu bitartean, XLVI. Toka eta Bote txapelketa izango da 13:00etan. Antolatzaileek aurreratu dutenez, izena emateko epea 12:50etan itxiko dute. 

Martxa hori jarraituta, bazkari herrikoia izango da 14:30etan. Euskal Parrilla arduratuko da bazkaria prestatzeaz «produktu freskoekin eta garaian garaikoekin», nabarmendu dute. Bazkariko txartelak atzora arte egon ziren salgai Pedro Marin, baina oraindik guztiak saldu ez baldin badira, azken ordura arte itxaron dutenek, egun hauetan izango dute azkenak erosteko aukera. 

Bapo bazkalduta, herri kirolak izango dira arratsaldean. Akeleneak babestuta, aizkolariek eta harri-jasotzaileek hartuko dute plaza. Aizkoran arituko dira Laiene Pikabea, Malen Barrenetxea, Beatriz Tanco, Klaudia Muñoz, Iker Vicente eta Mikel Larrañaga. Harria jasotzen, berriz, izango dira Jokin Eizmendi eta Mikel Lopetegi Urra. Erakustaldi borobila eskainiko dutela aurreikusten da, bikain ari baitira guztiak azken asteotako erakustaldietan. Hori horrela, igandeko saioan ere plaza betetzea espero da. 

Herri kirolak amaituta, Laiotz itzuliko da plazara. Dantzaldia izango da iluntzean, eta musikak hartuko du lekua festen azken txanpa honetan. Ondoren, atsedena izango da eta gauerdian bueltatuko dira Laiotzeko kideak, 00:00etan, San Juan Txikiak ixteko prest. Gainera, festak datorren urtera arte agurtzeko, Laiotzekin batera izango dira zezen suzkoa eta azken traka. 

GAUR

10:00 Marrazki eta pintura lehiaketa.

11:00-13:30 Haurren Parking-a. Puzgarriak, Ohe elastikoak, parke txikia eta Olla.

11:30 Txapeteri lore eskaintza.

12:00 Jaien hasiera suzirien jaurtiketarekin. Aldi berean, buruhaundi eta txistularien irteera auzoko txoko guztietan alaitasuna zabalduz.

13:00 Auzoko gazteek egindako marrazkien erakusketa.

16:00-19:00 Haurren Parking-a.

17:00 Haur jokoak: Zaku karrerak, lokotxak, aulki jokoa, ura eta irinaren jokoa...

18:00 Txapeteren omenez lorontzi lehiaketa.

Jarraian, Txokolatada.

20:00 30. Sardin jate herrikoia.

23:00 Oihan Vega diskofesta.

Bihar, abuztuak 27

08:00 Egunsentia, Suzirien Jaurtiketekin.

11:30 Haur-jolasak: zaku-karrerak, aulki-jolasa, lokotxak, ura eta irinaren jolasa, eta abar.

13:00 Zinta lasterketa izugarrizko opariekin.

Jarraian, Tiro karabina txapelketa.

16:30 Umeentzako tailerrak.

18:00 LXIX. Asto Karrera. 
Babeslea: Zintzarri taberna.

19:00 Patxin eta Potxin pailazoen ikuskizuna.

Jarraian, Umeentzako dantzaldia Laiotz taldearekin.

Ondoren, denok afaltzera gauerako indarrak hartzeko.

24:00 Dantzaldia Laiotz taldearekin.

Etzi, abuztuak 28

08:00 Egunsentia, Suzirien Jaurtiketekin.

09:30 Diana txistulariekin.

12:00 Meza auzoko hildakoen alde.

12:00 Hernaniko Bertso Eskolako bertsolarien saioa.

12:30 Sagardo-dastaketa. Sagardotegiak: Altzuelta, Oialume-Zar, Olaizola, Eula, Akarregi, Alberro, Elorrabi, Iparragirre, Artola, Itxas-Buru, Otsua-Enea, Rufino eta Gurutzeta.

13:00 XLVI. Toka eta Bote Txapelketa. Izena emateko epea 12:50etan amaituko da.

14:30 Bazkaria, Euskal Parrilla-ren eskutik.

18:30 Herri kirolak. Babeslea: Akelenea. Aizkolariak: Laiene Pikabea, Malen Barrenetxea, Beatriz Tanco, Klaudia Muñoz, Iker Vicente eta Mikel Larrañaga. Harrijasotzaileak: Jokin Eizmendi eta Mikel Lopetegi 'Urra'.

Jarraian, Laiotz taldearekin dantzaldia.

24:00 Dantzaldia Laiotz taldearekin.

Tartean, zezen suzkoa eta festei amaiera emateko azken traka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!