Udaltzaingoaren bost plaza betetzeko, deialdia

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 25a, 00:00

Oposizio-lehiaketa askez betetzeko deialdia argitaratu du Udalak web orrian, GAOn eta iragarki taulan.

Udaltzaingoaren 5 agente plaza oposizio-lehiaketa askez betetzeko deialdia egin du Hernaniko Udalak. Deialdia eta hura arautzeko oinarriak dagozkien euskarri ofizialetan (GAO) nahiz Hernaniko www.hernani.eus  web orrian eta iragarki taulan argitaratu dira.  Oinarri hauen xedea da arautzea Hernaniko Udaleko karrerako funtzionarioen plantillan hutsik dauden udaltzaingoaren bost agente plaza txanda irekian eta oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko hautaketa-prozesuaren deialdia egitea.

Emakumeentzat gordetako gutxieneko plazen ehunekoa, printzipioz, ezin izango da %25 baino txikiagoa izan. Ondorioz, Hernaniko Udalean bi plaza hautagai emakumeei gordeko zaizkie.

Deialdian ateratako plazek honako ezaugarri hauek dituzte: Agente plaza; lanpostua, udaltzaingoa; eskala administrazio berezikoa; azpieskala, zerbitzu bereziak/udaltzaingoa; taldea, C taldea, C1 azpitaldea; lanaldia, %100; berariazko osagarria, 22.980,14 euro; lanpostu-mailako osagarria: 17garrena; euskara eskakizuna: 2. HE derrigortasun data: gainditua; beharrezko tituluak: Batxilergoko titulua, Titulu teknikoa edo baliokidea.

 

Zenbait baldintza

Deialdiaren eta oposizio lehiaketaren baldintzetako batzuk dira 18 urte bete izana eta, agenteen kategorian sartzeko, 38 urte bete ez izana. Nolanahi ere, muga hori Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetan emandako zerbitzuekin konpentsatu ahal izango da.

Gutxieneko 1,65 metroko altuera eduki behar dute gizonek eta 1,60 metrokoa emakumeek, eta frogen hasiera baino lehen egiaztatuko da hori. Horrez gain, gidabaimena B motakoa izatea ere beharrezkoa da. Era berean, praktikaldia amaitzen denerako B E gidabaimena izatea. Gainera, euskarako 2. hizkuntza eskakizuna egiaztatzen duen agiriaren jabe izan behar da, edo, hala badagokio, zortzigarren oinarrian ezarritakoaren arabera eskuratzea.

Hautaketa prozesuan parte hartzeko eskabideak Udalaren hhz-Herritarren harrera Zerbitzuan eta www.hernani.eus web orrian eskuratu ahal izango den eredu ofizial eta normalizatuari egokituko zaizkio. Hernaniko Udalaren alkate-lehendakariari zuzendu beharko zaizkio eskabideak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!