Barrenetxeak finalerdietarako sailkapena ziurtatu nahi du gaur

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 25a, 00:00

Barrenetxea, Urrizaren aurkako partiduan.

Ansaren aurka jokatuko du eta bi erremontistek bi punturekin sailkapena lortuko lukete.

Barrenetxeak eta Ansak gaur jokatuko dute Banakako Txapelketako ligaxkaren azken jardunaldiko lehenengo partidua, 17:30etan, Galarretan erabakigarria izango da sailkapenari begira. Bai batek eta besteak lau puntu dituzte sailkapenean, Urrizaren aurka galdu eta Juanenea gainditu eta gero. 

Irabazleak finalerdietarako sailkapena ziurtatuko du eta, Urrizaren eta Juanenearen biharko partiduaren emaitzaren zain, finalerako sailkapena ere lortu dezake. Galtzaileak ere, bi puntu lortuz gero, finalerdirako txartela eskuratuko du.  

 

Pasa den urteko egoera berdinean

Barrenetxeak sentsazio onak berreskuratu nahi ditu, Urrizaren aurkako partidua luze egin eta gero. Hasiera ona izan zuen, baina ondoren behera etorri zen. Juanenearen aurka ere sufritu zuen garaipena lortzeko. Ansak lan gehiago eman zion Urrizari eta Juanenea errazago gainditu zuen. Aurrekari horiek ikusita partidu berdindua espero da. Gainera, aukera asko daude partidu hau bera izatea finlaerdietakoa datorren asteko larunbatean. 

Bien artean partidu asko jokatu dituzte azken urteetan eta azken urtekoak esanguratsuak dira. Masters finala elkarren aurka jokatu zuten otsailean eta atzelari hernaniarrak ongi menderatu zuen aurrelari urnietarra, 30-22. 

Pasa den urteko Kutxabank Torneoan ere egoera berdinean aurkitu ziren. Ligaxkaren azken partiduan finalerdietarako pasea jokatu zuten eta orduan Ansak lortu zuen garaipena 30-28, baina astebete beranduago, finalerdian, Barrenetxeak buelta eman zion egoerari eta finalerako sailkapena lortu zuen Ansa 30-23 kanporatu eta gero. Orduan ere Urriza zegoen zain finalean. 

Jaialdiko azken partiduan Apezetxea goizuetarrak, Ezkurra II.arekin batera, Segurola eta Larrañagaren aurka jokatuko dute. Jaialdia 16:30etan hasiko da.

 

Juanenea Urrizaren kontra etzi, Galarretan

Ligaxka etzi amaituko da Urriza eta Juanenearen arteko partiduarekin. Urrizak nahiko ditu 17 tanto finalera zuzenean sailkatzeko. Juaneneak aukerak ditu finalerdietara sartzeko. Horretarako, irabazi beharra du edo bestela 27-29 tanto artean egin eta Barrenetxea edo Ansak gaur 17 tanto baino gutxiago egin. 

 Ligaxka asteburuan amaituko da eta irailean azken bi partiduetan sartuko da txapelketa nagusia. Finalerdia irailaren 3an jokatuko da eta finala irailaren 10ean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!