Portu auzoko San Joan Txiki jaiak bihar hasiko dira indarberrituta

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 25a, 00:00

Laiotz taldeak larunbatean eta igandean kontzertuak eskainiko ditu.

Hiru egunetan luzatuko dira festak eta adin guztientzako egitaraua prestatu du auzo elkarteak, igandera arte.

Portuko San Joan Txiki festak bihar hasiko dira indarberrituta. 2020an ezin izan ziren antolatu pandemiaren eraginez eta pasa den urtean egitarau murritzarekin eta neurri bereziekin antolatu ziren. Aurten, berriz, normaltasunera bueltatuko dira Portuko jaiak.

Biharko egunean haurrentzako ekintza ezberdinak antolatu dira egun guztian zehar goiz-goizean hasita. Txupinazoa bota aurretik, Mikel Valdivia Vida, Txapeteri lore eskaintza egingo zaio eta bere omenezko loreontzi lehiaketa ere izango da arratsaldean. Txokolatada eta gero Sardina jate herrikoiak bere 30garren edizioa beteko du eta eguna ezin hobeto amaitzeko Oihan Vegak disko festarekin alaituko du auzoa.

 

Asto karrera eta jolasak, eta Laiotzekin dantzaldia

Larunbatean eta igandean izango dute jarraipena festek. Etzi, urteroko zitari hutsik egin gabe, Laiotz taldeak jarriko du musika; Patxin eta Potxin pailazoen arratsaldeko 19:00etako ikuskizunaren ondoren hasiko dira, eta afalondo­renean, gauerdi partean jarraituko dute. Lehenago, hala ere, izango da nahikoa zalaparta. Asto gainean egingo da karrera, 18:00etan, 69garren urtea beteko duen laster­ketan.

Igandean sagardo dastaketa, auzo bazkaria eta herri kirol jaialdia izango dira puntako kirolariekin. Festari amaiera Laiotzek emango dio.

 

PORTUKO JAIAK

BIHAR, ABUZTUAK 26

10:00 Marrazki eta pintura lehiaketa.

11:00-13:30 Haurren Parking-a. Puzgarriak, Ohe elastikoak, parke txikia eta lapikoa.

11:30 Txapeteri lore eskaintza.

12:00 Jaien hasiera suzirien jaurtiketarekin. Aldi berean, buruhaundi eta txistularien irteera auzoko txoko guztietan alaitasuna zabalduz.

13:00 Auzoko gazteek egindako marrazkien erakusketa.

16:00-19:00 Haurren Parking-a.

17:00 Haur jokoak: Zaku karrerak, lokotxak, aulki jolasa, ura eta irinaren jolasa...

18:00 Txapeteren omenez loreontzi lehiaketa.

Jarraian, Txokolatada.

20:00 30. Sardin-jate herrikoia.

23:00 Oihan Vega disko festa.

LARUNBATA, ABUZTUAK 27

08:00 Egunsentia, Suzirien Jaurtiketekin.

11:30 Haur-jolasak: zaku-karrerak, aulki-jolasa, lokotxak, ura eta irinaren jolasa, eta abar.

13:00 Zinta lasterketa izugarrizko opariekin.

Jarraian, Tiro karabina txapelketa.

16:30 Umeentzako tailerrak.

18:00 LXIX. Asto Karrera. 
Babeslea: Zintzarri taberna.

19:00 Patxin eta Potxin pailazoen ikuskizuna.

Jarraian, Umeentzako dantzaldia Laiotz taldearekin.

Ondoren, denok afaltzera gauerako indarrak hartzeko.

24:00 Dantzaldia Laiotz taldearekin.

IGANDEA, ABUZTUAK 28

08:00 Egunsentia, Suzirien Jaurtiketekin.

09:30 Diana txistulariekin.

12:00 Meza hildakoen alde.

12:00 Hernaniko Bertso Eskolako bertsolarien saioa.

12:40 Sagardo-dastaketa. Sagardotegiak: Altzueta, Oialume-Zar, Olaizola, Eula, Akarregi, Alberro, Elorrabi, Iparragirre, Artola, Itxas-Buru, Otsua-Enea, Rufino eta Gurutzeta.

13:00 XLVI. Toka eta Bote Txapelketa. Izena emateko epea 12:50etan amaituko da.

14:30 Bazkaria, Euskal Parrilla-ren eskutik.

14:30 Herri kirolak. Babeslea: Akelenea. Aizkolariak: Laiene Pikabea, Malen Barrenetxea, Beatriz Tanco, Klaudia Muñoz, Iker Vicente eta Mikel Larrañaga. Harrijasotzaileak: Jokin Eizmendi eta Mikel Lopetegi 'Urra'.

Jarraian, Laiotz taldearekin dantzaldia.

24:00 Dantzaldia Laiotz taldearekin.

Tartean, zezen suzkoa eta festei amaiera emateko azken traka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!