Loidi-Altzueta arteko obren inguruan Udalak argibideak eman ditu

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 24a, 00:00

Loidi parean bidea moztuta dago.

«Interpretazioa ezegokien ondorioz, gaizki-ulertuak egon dira eta argitu nahi ditugu».

Loidi-Altzueta bidean egiten ari den obrari buruz Udalak argibideak eman nahi ditu. Udalak «obra horri buruz emandako informazioa argia izan da. Hala ere, egin diren interpretazio ezegokien ondorioz, gaizki-ulertuak egon dira eta horiek argitu nahi ditugu».

Kronikan (2022/08/21) argitaratutako idatzian, EAJk «behar adina diru» jarri ez izanari egozten dio Loidi-Altzuetako obraren lizitazioa hutsik gelditzea. Eta «egun batzuk geroago, zenbateko haundiagoarekin atera zen lehiaketara eta orduan bai, kontratista lortu zen», dio EAJ-ren idatziak. Andoni Amonarraizek aipatzen duen lizitazio prozedura horrek «ez du zerikusirik Loidi-Altzuetako bidearen obrarekin. Urte hasieran beste luizi bat egon zen Usategieta-Lepatxikiko zatian, eta obra horren lizitazioaren prezioa igo behar izan zen lehiaketa hutsik deklaratu ondoren», argitzen du Udal Gobernuak.

 

Loidi-Altzuetako bidearen kronologia

2022ko urtarrilean luizia gertatu zen eta bidea itxi zuten. Urte hasieran izandako euriteek ibaiaertza higatu eta luizia ere eragin zuten. Ibilgailuentzat eta oinezkoentzat arrisku haundia zegoela ikusita, Udalak erabaki zuen bide hori ixtea.

Mendibide horretan segurtasuna bermatzeko ordura arte hartutako neurriak ez ziren nahikoak izan eta esku-hartze haundiagoa behar zela ikusi zuten teknikariek. «Kontuan hartu behar da bide-zati horrek hainbat zailtasun dituela: batetik, ibaia bidetik oso gertu dago eta horrek haren zabalera asko mugatzen du, eta, bestetik, mendiaren magalak malda oso haundia dauka (orografia konplexua) eta geologiak ere ez du laguntzen», aipatzen dute Udal Gobernutik.

 

Apirilean eta maiatzean proiektua URAri aurkeztu eta baimena eman zuen

Horiek guztiak kontuan izanik, ingeniaritza-proiektu bat enkargatu zuen Udalak eta, apirilaren 28an www.hernani.eus webgunean argitaratu zen albistean, proiektuaren zehaztasunak eman eta proiektua Ura agentziari aurkeztu zitzaiola jakinarazi zuten.

Udalak apirilaren 13an erregistratu zuen proiektua eta URA agentziaren onespena maiatzaren 30ean iritsi zen. Udalak, «bide hori luzaroan itxita edukitzeak sortzen dituen trabak ikusita, eta konponbidea ahalik eta lasterren emateko asmoz, aurreratu daitezkeen lanak aurreratu eta, obraren exekuzioa lizitatzeko prozedura martxan jarri zuen. Zoritxarrez, lizitazioa hutsik gelditu zen eta, horren ondorioz, lanak ahalik eta azkarren abian jartzeko asmoarekin, prozedura negoziatuaren formulara jo zen, 9/2017ko Kontratazioaren Legean aurreikusitako baldintzetan. Prozedura negoziatuan lau enpresari egin zitzaien gonbita eta batek aurkeztu zuen eskaintza. Lizitazioaren prezioa, beraz, ez zen igo».

 

Uztailean obraren exekuzioa esleitu zen prozedura negoziatuaren bidez

Egin beharreko tramiteak eginda, uztailaren 28an sinatu zuen enpresak kontratua. Eta obraren hasiera abuztuaren 17rako ezarri zen.

«Hau da gertatutakoa. Prozedura administratiboak konplexuak dira eta batzutan ulertzeko zailak, baina Udala ez da hedabideetan eta ordezkari publikoek egindako interpretazioen erantzulea. Ez da onargarria interpretazio okerrak eta salaketa faltsuak zabaltzea udal ordezkarien eta teknikarien jarduna zalantzan jartzeko», diote Udaletik.

Udala, «orain artean bezala, bidearen konponketa ahalik eta azkarren bideratzen saiatuko da zati hori baldintza seguruetan zeharkatu ahal izateko».

 

Obra materialetan eta osagaien prezioak izugarri igo dira eta lizitazio asko hutsik ari dira geratzen

Eta, azkenik, ohar bat nahi du zabaldu Udalak. «Azken hilabeteetan obra materialen eta osagaien prezioek izugarrizko gorakada izan dituzte eta, horren ondorioz, obra publikoen lizitazio asko hutsik gelditzen ari dira, Hernanin eta beste leku guztietan. Hala ere, lehiaketa publikoetan lizitazioaren prezioak teknikoki justifikatuta egon behar du. Ez da 'prezioa puztu eta arazoa konponduta'».

«Udalak ez du egin beharreko lanen prezioa edo aurrekontua aldez aurretik mugatzen edo finkatzen, baizik eta proiektu tekniko baten lanketaren ondorioa izaten da aurrekontua eta proiektuen atal batean banakako prezioak justifikatu egiten dira. Udaleko teknikariek proiektuak gainbegiratu eta proiektuaren aurrekontua justifikatuta dagoen eta egingarria den ala ez aztertzen dute», gogoratzen du Udalak.

Hala ere, «lizitazioa egiterako orduan kanpo faktore asko sartzen dira jokoan: aipaturiko prezioen aldakortasuna (nabarmena azkenaldian), lanen zailtasuna obraren tamainarekiko, enpresa potentzialen lan-karga, merkatua zein puntutan dagoen, etab. Eta, batzuetan, zoritxarrez, Udalari bi aukera bakarrik gelditzen zaizkio lizitazio bat hutsik gelditu ostean: prezioak igotzea edo proiektua aurrera ez eramatea», aipatzen du Udalak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!