Parke botanikoaren «utzikeria» eta «basakeria» salatu dute bizilagunek

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 23a, 00:00

Taulak lurretik atera eta txikitzen dituzte Nere Borda parke botanikoan.

«Egoera tamalgarrian uzten dute Nere Borda parkea 14-18 urte bitarteko gazte batzuk eta ez da ezer egiten konpontzeko», diote.

Egoera jasan ezina ari dira bizitzen azken urteetan Nere Borda parke botanikoko bizilagunak. Egoerarekin «nazkatuta» Kronikara jo dute, «salaketa publikoa ezartzeko». «Udaletik ez digute kasu askorik egiten eta ea horrela erremediorik jartzen dioten».

«Jasanezina da egoera eta bizikidetzarako arriskutsua ere bai», aipatzen du bizilagun batek. «Alde batetik, hemen gertatzen ari dena basakeria da, bertara etortzen diren 14-18 urte bitarteko gazte batzuen partetik eta bestetik, arduradunen partetik utzikeria galanta», azpimarratzen du beste bizilagun helduagoak.

Bertaratzen den edonork ikusi dezakeen bezala: «egurrezko taulak lurretik ateratzen dituzte, aulkien zatiak ere bai eta dagoen ur eremura jaurtitzen dituzte». Eta hori ez omen da okerrena.

 

«Bertako arrain ia denak eta zeuden dortokak akabatu dituzte»

Taula horiek gero animaliak akabatzeko erabiltzen omen dira. «Dozenaka eta dozenaka arrain zeuden. Orain bi geratuko dira. Zeuden dortokak, denak, akabatu dituzte. Ez hori bakarrik, uretatik atera eta zatitu edo deskuartizatu egiten dituzte».

Bertako zuhaitzen egoera ere «tamalgarria» da. «Palmondoen belarrei su ematen diete. Lore arbustoak lurretik ateratzen dituzte, pareta dena dago margotuta, ur eremua alde batetik bestera igarotzen dute saltoka aurretik harrapatzen duten guztia txikituz. Zer edo zer esanez gero galtzak jaitsi eta ipurdia erakusten dizute. Etxeko jardinera salto ere egiten dute. Dena zaborrez uzten dute».

Bizilagunek diotenez herriko lorezaina zegoenean, orain urte batzuk arte: «ongi zegoen zainduta, bertan egoten zen eta txukun zegoen. Ez zegoen arazorik. Orain berriz ezinegon batean bizi gara. Zarata, basakeria, zaborra, errespetu falta, ez dute gizalegerik errespetatzen».

 

«Udalean eta udaltzaingoan salatu dugu»

Hernaniko Udalaren jarrera ere salatzen dute. «Orain urtebete Xabier Lertxundi alkateak arazoa konponduko zela esan zigun. Urtebete pasa da eta okerrera egin du. Udaltzainek atea ixten dute, baina ez da besterik egiten. Barruan begiratu ere ez dute egiten. 80 urteko emakume bat barruan utzi zuten ezin atera. Ez dira neurriak hartzen».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!