Urriza, Buruz Buruko Kutxabank Txapelketako finalaren atarian

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 22a, 00:00

Urriza, larunbatean, Galarretan. Argazkia: Maialen Andres

19-30 irabazi zuen Barrenetxea IV.aren aurkako partidua, eta 17 puntu ditu une honetan.

Urrizak 19-30 garaitu zuen Barrenetxea IV.a larunbatean, Buruz Buruko Kutxabank Txapelketako bigarren jardunaldiko bigarren partiduan. Garaipen horrekin, orain, finalaren atarian dagoela ziurta daiteke. Izan ere, Iruñekoak zortzi puntu ditu eta nahikoa du Juanenearen aurka 17 tanto egitea, azken partiduan, finalista izateko.

Barrenetxea IV.ak eta Ansa II.ak lau puntu dituzte eta Juaneneak, berriz, bi. Hori horrela, Juanenea behartuta dago Urrizaren aurka irabaztera eta, horrez gain, Ansa II.a edo Barrenetxea IV.a 27 tantora ez iristea espero du.

 

Urriza izan zen nagusi

Barrenetxearen eta Urrizaren arteko partiduak bi zati izan zituen. Lehenengoa berdindua izan zen, baina, bigarrenean, Urrizak alde egin zion hernaniarrari eta nagusitasunez irabazi zuen. Dirua parean atera zen, baina Barrenetxea desegiten joan zen 13nako berdinketaren ondoren.

Lehen zatian, peloteo gehiago izan zen. Bederatzinako berdinketan Barrenetxeak zabalera jaurtiketa ederra egin zuen, baina 13-12koarekin jokaldi bera taulara atera zitzaion eta 13nakoa izan zen. Hortik aurrera, Urrizak ihes egin zuen 13-20. Iruñeko aurrelariak bere erritmoa ezarri zuen, eta tantoak azkar etorri ziren bere albotik. Saketik 7 tanto egin zituen eta horietatik bost 13nako berdinketa horretatik aurrerakoak izan ziren.

Bere aldetik, Barrenetxeak ez zuen gozatu eta 13-20ra pasa zen, 14-23ra, 17-27ra eta 19-30ra. Urrizak bere zelaira eraman zuen partidua, hutsik egin gabe. Gehiago eutsi zion, ezker pareta gehiago ukitu zuen, eta hori funtsezkoa izan zen bere garaipenean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!