Ansa II.ak Juanenea garaitu zuen Galarretan

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 21a, 00:00

Ansa II.a eta Juanenea, ostiralean, Galarretan. Argazkia: Maialen Andres

30-21 gailendu zen markagailuan, Kutxabank torneoko ligaxkako 2. jardunaldiko lehen partiduan.

Ansa II.ak 30-21 garaitu zuen Juanenea, ostiralean, Kutxabank Torneoko ligaxkako bigarren jardunaldiko lehen partiduan. Urnietarrak tinko heldu dio txapelketari, eta, horrela, sailkapenean lau punturekin kokatu da. Saldiastarrak, berriz, soilik bi puntu ditu une honetan. Hori horrela, azken jardunaldian Juaneneak Urrizarekin neurtuko ditu indarrak eta Ansak Barrenetxea izango du aurrez aurre.

Norgehiagoka ikusgarria izan zen herenegun jokatutakoa, baina bi pilotarien arteko aldea sakean sumatu zen. Hain zuzen ere, Ansak segurtasunarekin jokatu zuen, eta saketik 11 tanto egitea lortu zuen. Juanenearen kasuan, lau tanto izan ziren sakean. Piloteoan, partidua parekatuagoa egon zen, baina hor ere urnietarra gogorrago aritu zen. Bien arteko aldea haundia izan ez arren, Ansak lortu zuen partiduaren noranzkoa finkatzea. Lehia erabaki zen irabazlearen 7-0eko azken partzialean. Izan ere, 23-21ekoa 30. koadrora joan zen. Gainera, zazpi tanto horietatik, bost tanto saketik egin zituen.

Ansak ondo hasi zuen lehia 4-1eko emaitzarekin. Juaneneak 7-6ko tantora murriztu zuen desabantaila, eta maila horretan aritu ziren: 11-9, 14-12, 19-15, 22-18... 23-21era arte. Bazirudien gehiago hurbildu zitekeela, baina 23., 24. 25., 28. eta 30. tantoak saketik iritsi ziren.

Jokoan eta sakean nagusi izateak bederatzi tantoko azken errenta eman zion Ansari. Sendo ikusi zitzaion, jokaldi gehiago egin zituen eta pilota bortitzago jo zuen. Bere aldetik, Juaneneak atzean jo eta defendatu zuen, baina hobeto ateratzea falta izan zitzaion. Ansak 18 tanto egin zituen piloteoan eta Juaneneak 16, eta bi erremontistek huts bakarra egin zuten.

Amaitzeko, binakako estelarrean, Ezkurra II.ak eta Zubirik 30-28 irabazi zieten Segurola eta Azpirozi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!