Euskalnafarren historiari buruzko ikastaroa irailean, Hernani Errotzenek

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 21a, 00:00

«Bizi nahi duen herriak bere historia kontatu behar du», aurreratu dute. Lau saio izango dira. Izena emateko: 'herriaerrotzen@gmail.com'.

Aurten ere historia ikastaroa antolatu du Hernani Errotzen elkarteak. «Euskal Herriaren historia ardatz hartuta, euskalnafarren historiari buruzko kontaketa jarraia egin nahi dugu, Antzinarotik gaur egun arte», aurreratu dute.

Hasiera batean, ikastaroa uztailerako aurreikusi zuten. Nolanahi ere, atzeratu egin behar izan zuten koronabirus kasu batengatik. Hori horrela, orain, saioak izango dira irailaren 7an, 14an, 21ean eta 28an, eta bakoitzak bi orduko iraupena izango du. Arratsaldez izango dira, 19:15etatik 21:15etara. Horrekin batera, ikastaroa Biteri Kultur etxean eskainiko da, eta Beñi Agirre izango da zuzendaria.

Matrikulari dagokionez, irailaren 7a izango da izena emateko azken eguna. Plazak mugatuak dira, eta nabarmendu dute izen-emate ordena lehenetsiko dutela plaza guztiak bete arte.

Matrikula eta materiala kostua 20 euro dira. Izena eman nahi dutenek edota informazioa eskuratu nahi dutenek, honako hauxe dute horretarako bidea: herriaerrotzen@gmail.com helbide elektronikora mezua idaztea, norberaren izena eta abizenak jarrita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!