Aitor Lizarazuk zilarra, Donostiako XVII. Hondartzako Aste Nagusikoan

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 20a, 00:00

Aitor Lizarazu hernaniarra eta Pablo Lasterra donostiarra, Zurriolan.

Pablo Lasterra donostiarrarekin batera lortu zuen txapelketa bigarren postuan amaitzea. 

Joan den asteburuan, Donostiako XVII. Aste Nagusiko Hondartza Boleibol Saria jokatu zen Zurriolako hondartzan. 150 lagun baino gehiagok parte hartu zuten 7 kategoriatan, eta hantxe izan zen Aitor Lizarazu hernaniarra. Maila bikaina erakutsita, txapelketa bigarren postuan amaitu zuen. Hain zuzen ere, gizonezkoen 2X2 federatu mailan, Pablo Lasterra donostiarrarekin batera aritu zen, eta zilarrezko dominarekin itzuli zen Hernanira.

Oso txapelketa polita izan zen. Izan ere, maila pareko bikote ugarik parte hartu zuten, horietako bakoitza estatuko hainbat lekutik etorritakoa. Gipuzkoarrez gain, Kataluniatik, Kanarietatik, Nafarroatik, Kantabriatik eta Bizkaiatik etorritako taldeak izan ziren, besteak beste. Gainera, jende mordoa bertaratu zen Zurriolara, hondarretatik bertatik eta goiko barandatik txapelketa ikustera.

Donostian zilarra lortuta, Lizarazuk eta Lasterrak dagoeneko zehaztu dute hurrengo helburua: Espainiako hondartza boleibol txapelketa absolutua. Irailaren lehenengo asteburuan dute horretarako hitzordua, Fuengirolan. Bertan, aurreratu dutenez, bikotea saiatuko da «ahalik eta postu hoberena lortzen». Seguruenik, aurretiko fasea jolastu beharko dute, eta, horretan, jomuga izango da 12 taldeko koadro nagusian sartzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!