Etxebizitzaren alokairua ordaintzeko dirulaguntza, 104 hernaniarrek

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 19a, 00:00

Aurten, herritarren eskaera kopurua mantendu egin da. Gazteen eskariak % 51 izan dira.

2015 urtetik aurrera, Hernaniko Udalak etxebizitzaren alokairua ordaintzen laguntzeko dirulaguntzen deialdia egin du. Dirulaguntza horiek bi helburu nagusi dituzte: batetik, «gazteak, bereziki, emantzipazio bidean laguntzea»; eta, bestetik, «herrian etxebizitzen alokairua sustatzea». Zazpigarren deialdiarekin, diruz lagunduko diren alokairu-gastuak 2022ko urtarriletik abendura bitartekoak izango dira.

Aurten, eskaera kopurua mantendu egin da, guztira 94 eskari jaso dira (batzuk familia-unitateak dira). Gazteen eskariak % 51 izan dira. Hori horrela, 36 urtetik gorakoen eskariak gazteen eskari kopuruetara parekatu dira. Eskatzaile kopurua ere, beste urteetakoen aldean, «oso antzekoa» izan dela nabarmendu du Udalak. Izan ere, guztira 104 pertsonak jasoko dute dirulaguntza.

Horrekin batera, Udalak azpimarratu du «gero eta Hernaniko gazte gehiagok» jasotzen dutela Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen Gaztelagun programako alokairu-laguntza. Diotenez, «2022ko deialdian egin diren hobekuntzak lagungarri izan dira dirulaguntza gazte gehiagorengana iristeko». Horrek ekarri du Hernaniko Udalak eskaintzen dituen dirulaguntzetan gazteen eskari kopurua aurreko urteetan baino baxuagoa izatea.

Zehatzak izteko, 2022ko deialdirako. 186.000 euroko partida bat bideratu du Udalak, «inoizko partida haundiena»: 93.000 euro 18-35 urte bitartekoentzat eta 93.000 euro, berrriz, 36 urtetik gorako eskatzaileentzat.

Behin eskari guztiak aztertuta, behin-behineko ebazpena onartu eta argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Dirulaguntza bi zatitan ordaintzen da. Lehen ordainketan urtarrila eta ekaina bitarteko alokairu gastuak lagunduko dira. Bigarrenean, aldiz, uztailetik abendura bitartekoak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!