«Urduritasun haundiarekin bizi nuen Castroko garaipena; orain, oso pozik gaude»

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 17a, 00:00

Eider Barba hernaniarra Donostiako Banderarekin.

Euskotren Liga irabazi du Eider Barbak Oriorekin. Arrauna «bizitza estilo» bat dela dio. 11. denboraldia du aurtengoa arraunean eta, Liga irabazita, hurrengo erronkak Zarauzko eta Kontxako Banderak direla aitortu du. 

Euskotren Liga irabazi berri du Oriok, eta protagonistetako bat izan da Eider Barba hernaniarra. Orion egin du arraun aurtengo denboraldian, eta garaipena lortuta, «oso pozik» dagoela kontatu dio Kronikari. 

 

Nola bizi zenuen Castro Urdialeseko estropada?

Urduritasun haundiarekin. Jakin bagenekin Castron irabaziz gero, matematikoki Liga irabaziko genuela. Hala ere, ez genuen horretan pentsatzen. Gu banderaz bandera goaz, eta momentu horretan helburua zen Castrokoa irabaztea. Hori esanda, Arraun Lagunakekin denbora aldetik estropada guztia ia elkarrekin egin genuela ikusita eta garaipena ere bukaerako photo finish horrek erabaki zuela kontuan hartuta, urduritasuna izan zen nagusi. Gainera, ni ez nintzen barruan egon. Igandean, tokatu zitzaidan lantxan egotea eta entrenatzailearekin zein delegatuarekin telefonoz hitz egiten egotea. 

 

Espero al zenuten hain parekatua izatea?

Emakumezkoen arraunak  urtetik urtera gero eta maila altuagoa dauka, eta bagenekien ez zela erraza izango. Adibide gisa aipa genitzake estropada eremu bakoitzeko errekorrak gainditzen ari direla urtero. Joan den asteburuan, esaterako, Ondarroako estropadan, lautik hiru taldek errekorra gainditu genuen. Horregatik, irabazi nahi baldin badugu, badakigu gauzak ondo egin behar direla. Orain artekoetan emaitzek gure alde egin dute eta espero dugu horrela jarraitzea, baina lanean jarraitu behar dugu. 

 

Ospatu al zenuten?

Estropadak hain parekatuak izaten direnean, gero, amaitzean, beste poztasun bat sumatzen da ospakizunean. Guk, gainera, bagenekien Liga irabazi genuela, eta oso pozik gaude orain. Hori bai, denboraldia oraindik ez da amaitu. Asteburu bat gelditzen da: Zarauzko Ikurrina. Arraunaren munduan eta baita Ligan ere, garrantzi haundienetarikoa duen bandera da, eta horixe da gure jomuga. Horregatik, Liga irabazteagatik pozik bagaude ere, hurrengo garaipenaren bila goaz. 

 

Zarautzen arraunean izango zara?

Oraindik ez dakit. Alineazioa ostiralean edo larunbatean esaten digute normalean, baina orain artekoetan astebururo egin dut arraun. Hori horrela, espero dut baietz.

 

Zer moduzko esperientzia izan da aurtengoa?

Oso gustura nago klubean, jendearekin eta baita instalazioekin ere. Profesionaltasuna ematen digute arraunlariei, eta oso-oso eroso nago guztiarekin. Aurrera begira,  gustatzen zait erabakiak hartzea denboraldia amaitzen denean, baina, printzipioz, taldean jarraituko dut. Oso ondo sentitzen naiz hemen.

Etorkizuneko erronkarik bai?

Epe ertainera, Zarauzko Bandera irabaztea. Hori lortuta, izugarria izango litzateke Kontxako Bandera ere irabaztea. Arraunean hasi nintzenetik, beti esan dut hori dela nire ametsa. Sekulakoa izango litzateke lorpena, nire gertukoak ere han egongo direlako eta, esaten den bezala, Kontxako Bandera arrauneko Championsa delako. Irabazteko borrokan egotea kristona iruditzen zait. Horregatik, irabaztea pasada bat izango litzateke!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!