Euskotren Ligako garaile, Eider Barba

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 16a, 00:00

Hernaniarrak Oriorekin egin du arraun aurten, eta asteburuan Castroko bandera lortuta, Liga irabazi dute oriotarrek.

Eusko Tren Liga amaitzeko bi jardunaldiren faltan, dagoeneko ezagutu da aurtengo irabazlearen izena. Hain zuzen, joan den igandean jokatu zen Castroko Bandera, eta Castroko uretan garaipena lortu ostean, Orio da 2022ko Euskotren Ligako txapelduna. Ligako titulua bereganatu berri dute oriotarrek eta, horrekin, hirugarrenez irabazi dute Euskotren Liga.

Aurten, Eider Barba hernaniarrak Oriorekin egin du arraun, eta, beraz, garaipena lortu du berak ere. Denboraldi bikaina bizitzeko aukera izan du Hernanikoak. Izan ere, hasiera-hasieratik, erraz dominatu du Oriok. Orain arte jokatu dituzten hamabi estropadetatik hamar irabazi dituzte, eta denera, 46 puntu bildu dituzte sailkapenean. Atzetik daude Arraun Lagunak 38 punturekin, Donostiarra 19 punturekin eta Tolosaldea 17 punturekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!