Gaurtik martxan Errugbiak, 2022-2023 denboraldiko abonatu kanpaina

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 16a, 00:00

Hernani La Única taldearen aurkako partiduan. Argazkia: Hernani Errugbia

Bulegoan eta 'www.hernanirugby.eus' webgunean egin daiteke. Berrikuntza gisa, gazte abonua izango da aurten.

2022-2023 denboraldi hasierarekin batera, Hernani Club Rugby Elkarteak abonatu kanpaina martxan jarriko du gaurtik. #EtorkizunekoHaziak lelopean estreinatuko du kanpaina, eta, horretarako, Mikel Laskurain aktorearen laguntza «ezinbestekoa» izan dela aitortu dute.

Berrikuntzen artean, gazte abonua dago. Aurreko urteko abonuaren salneurria, langabeentzako deskontua eta abonu laguntzailea mantenduz, kategoria berri bat ezarri da 25 urtetik beherako gazteentzat. Horiek 75 euroan izan beharrean 30 euroan izango dute abonua, eta guztiek izango dute 5 euroko deskontua HCRE dendako zenbait produktutan.

Abonuak egiteko, aurreko bi denboraldietako sistema bera erabiliko da. Izan daiteke bulego ordutegi barruan Landarera gerturatuz, eta baita www.hernanirugby.eus webgunean ere. Azken kasu horretan, klubak etxera bidaliko du abonatu txartela.

Kanpainaren bueltako informazio guztia, xehetasunekin, ikusgai dago www.hernanirugby.eus/abonatuak web orrian, edota abonatuak@hernanirugby.eus helbide elektronikora mezua bidalita ere jasoko da azalpena.

 

Urriaren 2ko asteburuan hasiko da denboraldia

Senior gizonezko taldeek uztailaren amaieran jakin zuten denboraldiko egutegia, eta, horrekin batera, abuztuaren lehen astean hasi zituzten aurredenboraldiko saioak Landaren. Gainera, Euskal Ligetan ariko diren gainontzeko HCREko taldeek ere ezagutu dute aurtengo plangintza, eta txapelketa ofizialak urriaren 2ko asteburuan hasiko dira.

Ohorezko B Mailan, trikoloreek estreinako partidua jokatuko dute mailaz igo berri den La Unica taldearen aurka.

Egutegiaren zozketak, berriz, erabaki zuen hurrengo partiduak gipuzkoarren artean izatea. Hiru horrela, Landareko estreinaldiaren ondoren, Zarautz eta Bera Beraren aurka ariko da Hernani. Lehen itzulia urtarrilaren 15ean amaituko dute hernaniarrek, Santanderren, Independiente talde indartsuaren aurka.

Bere aldetik, M23 taldea bigarren urtez jarraian estatuko txapelketan ariko da, eta kasu honetan ere, Landaren hasiko du denboraldia. Lehen aurkaria Burgoseko Aparejadores taldea izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!