'Maialen' traineruak bigarren estropada bikaina, jarraian

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 15a, 00:00

'Maialen' trainerua oso ongi aritu zen Castron.

Seigarren amaitu zuen larunbatean, Castron, baina Hibaikaren bigarren postutik lau segundura geratu zen.

Abuztuaren 7an, Hernaniko traineruak laugarren postua lortu zuen Hondarribian eta ETE Ligako onenetik oso gertu geratu zen. Hurrengo estropadan, larunbatean Castron, sentsazio onak berretsi eta onenen pare ibili zen Maialen. Seigarren amaitu zuten, baina postua baino garrantzitsuagoa izan zen denbora. Oraingoan Hibaikaren bigarren postutik lau segundura geratu ziren itsaso zabalean. Esandako saltoa behin ez, bitan ere eman dute eta horrek esan nahi du hor daudela Hibaika, Deusto, Zumaia, Zarautz eta Ondarroarekin borrokan.

Traineru guzti horiek Kontxako Estropadara sartzea dute helburu eta Hernanik azken bi estropadetan emandako maila mantentzen badu sartzeko lehian murgilduko da.

Castron, Hondarribiak irabazi zuen. ETE Ligako trainerurik sendoena dela erakutsi zuen berriz ere eta Euskotren Ligara igoko da. 14 segundu atera zizkion Hibaikari eta honen atzetik Deusto, Zumaia, Zarautz eta Hernani sailkatu ziren, bi segunduren tartean.

Castron ohiko hiru txandak antolatu beharrean, bi txandetan aritu ziren. Lehenengoan lehia ezin estu eta politagoa izan zuen Maialen traineruak Zarautzekin. Ziabogan aurretik ziren hernaniarrak, baina bueltan Zarautz aurreratu zen segundu bateko aldearekin.

 

Bihar Donostian estropada, Urumea ibaian

Arraunak ez du etenik eta bihar beste estropada bat izango du Hernanik, oraingoan Urumea ibaian, Donostian, 18:30etan hasita. Ez da ETE Ligakoa, Aste Nagusiko laugarren bandera izango da eta bertan Euskotren Ligako txalupak ere izango dira parte-hartzaileen artean. Azken bi estropadetako maila nahiko dute erakutsi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!