Euskoprincess gaur Hernanin, Acto Messie eta Nizuri Tazunerirekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 12a, 00:00
Minet Euskoprincessek lehenengo aldiz eskainiko du kontzertua Hernanin.

BazkiZopa jaialdia bigarren urtez ospatuko da gaur, Urbieta kalean, 19:30etan hasita.

Bazkizopa Jaialdiaren bigarren edizioa antolatuko da gaur Hernanin. Urbieta kaleko kioskoan izango da festa, arratsaldeko 19:30etan hasita. Gainera, musikaz gain, jateko eta edateko aukera ere izango da. 

Oraingo honetan, hiru kontzerturekin gozatu ahal izango da: Acto Messie, Nizuri Tazuneri eta Minet Euskoprincess. Denetarik izango da, beraz, jaialdian. Hondarribiako Acto Messierekin rap-a entzuteko aukera izango dute ikus-entzuleek, Nizuri Tazuneri taldeak rap eta musika elektronikoa eskainiko du eta, azkenik, Minet Euskoprincess hernaniarrak dancehall eta trap generoetako erritmoak aurkeztuko ditu, besteak beste. Berezia izango da, gainera, Minet-en aurkezpena. Izan ere, Urumea bailaran aski ezaguna bada ere, gaur lehenengo aldiz oholtzaratuko da bere herrian, Hernanin.

BazkiZopa 2021garren urtean sortu zen, zenbait musikari lagun batuz, eta, oraingoz behintzat, hiru hernaniarrek osatutako elkartea da.  

Hasiera batean, kontzertu soilak  antolatzeko sortu zen BazkiZopa, baina taldekideek erabaki zuten modu jasangarri batean oinarritutako elkartea izango zela: «Kontzertu soilak antolatzeaz gain, modu jasangarri batean bizi nahi genuen hau egiteko prozesua, eta honela topatu genuen modua».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!