'Metrópolis' pelikula proiektatuko dute, eta zuzeneko musikarekin gozatu ahal izango da

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 12a, 00:00
'Metrópilos' historiako pelikularik onenetakoa da adituen esanetan.

Jazz Hernanik antolatuta, irailaren 2an izango da, Plazan, 22:00etan. Joxan Goikoetxea eta Roberto Yaben hernaniarrek eskainiko dute zuzeneko musika.

Jazz Hernani taldeak ekitaldi berezia antolatu du aurtengo jaialdiaren ediziorako. Joxan Goikoetxea eta Roberto Yaben hernaniarrek zuzeneko musika eskainiko dute Metrópolis filma proiektatzen den bitartean. Fritz Langek zuzendutako zientzia fikziozko film mutu alemaniarra da Metropolis, 1927koa, eta Alemaniako zinema espresionistako eta munduko zinemaren historiako film haundienetako bat da. Ostiralean, irailaren 2an, Plazan izango da gaueko 22:00etan. Sarrera doakoa izango da.

Metropolis Unescok Munduko Memoriatzat jotzen dituen film bakarrenetako bat da. Kategoria hori izan zuen lehena izan zen, gizarte osoaren erakusle eta bere giza eta gizarte-edukiaren sakontasunaren babespean. 2026an girotua, zientzia fikzioaren oinarriak ereiteaz gain, zinemaren eta, oro har, arte ororen gailurretako bat da gaur egun arte.

Filma 16 hilabetetan filmatu zen, ia 40.000 aktorek parte hartu zuten eta 5.100.000 reichsmarks kostatu zen. Gaur egun, inflazioa kalkulatuz, 39 milioi dolar baino gehiago izango lirateke, zinemaren jatorrian garestienetakoa. New Yorkera egindako bidaia batek eman zion zuzendariari imajinatzen zuen lekuaren look-a eta girotzea asmatzeko gakoa; megalopoli monumentalista, epikoa... Adierazpen abangoardisten bilduma bat izan zen plastikaren, arkitekturaren, diseinuaren, poesiaren eta are musikaren lurraldean.

 

«Ezkertiarrek faxistatzat hartu zuten eta eskuindarrek komunistatzat»

Jazz Hernaniko kideek pelikularen historia kontatu dute jendeak ezagutu dezan. «Fritz Langek 2026. urteko hiri bat irudikatu zuen. Klaseen arteko aldea muturreraino eraman zuen parabola filosofiko bat eginez: bihotza buru planifikatzaileen eta langile eskuaren arteko bitartekari gisa. Buñuelek maite izan zuen, H.G. Wellsek gorrotatu egin zuen, ezkertiarrek faxistatzat hartu zuten (Hitlerren pelikula kuttuna izan zen), eskuindarrek komunistatzat hartu zuten, eta argentinar kritikari gazte batek ere peronistatzat jotzen du klaseak bateratzearen fantasia betetzen delako».

Sinpletasuna, mesianismoa, inozentzia... Horrelako gaiak landu dira Metropolis aztertzean. Dena den, «inork ez du zalantzan jarri filmaren balioa, eta guk geuk nahiago dugu haren irudi ahaztezinak gogoratu parabola moral bat baino. Nork ez du hiri hau gogoratu Blade Runner ikustean?».

 

Joxan Goikoetxeak, 1994an, soinu-banda konposatu zuen eta 1995ean Biterin eskaini zen lehen aldiz

Zentsuraren ondorioz, jatorrizko eszena asko galdu ziren. Ondoren, hainbat aldiz berreraiki zen, eta hainbat artistak garai desberdinetan musikatu zuten.
Joxan Goikoetxeak 1994an konposatutako soinu-banda film mutuei laguntzeko erabiltzen zen estilo inprobisatuan kokatzen da, baina fikzio hiperrealista eta espresionista nabarmentzen saiatzen den tratamendu elektroniko batekin.

Proiektu hori Potemkin Zineklubaren enkargua izan zen, Hernanin lan haundia egin zuen taldea, hainbat proiekzio antolatuz, hala nola urte askoan plazan aire zabalean eskaintzen zen udako zikloa emanez. Bere estreinaldia bertan behera utzi behar izan zen hainbat alditan eguraldi txarragatik (Txantxilla, 1994ko ekainaren 25a...). Azkenik, 1995eko azaroaren 19an, Biteri Kultur Etxean eskaini zen lehen aldiz zuzeneko musika honekin. Orain bezala, Roberto Yabenek gitarra elektrikoarekin lagundu zien Joxan Goikoetxearen sintetizadoreei.

Ondoren, hamar bat aldiz eskaini zen hainbat ekitaldi eta jaialditan, eta nabarmentzekoak dira 1998an Iruñeko Planetarioko kupulan egin zena eta 2001ean Donostiako Antzoki Zaharrean egin zena, Nosferatu zikloaren barruan, Berlingo Filmmuseumek lagatako kopia historikoa beren-beregi ekarri zitzaiona.

Aukera paregabea zineaz eta aire zabaleko musikaz gozatzeko eta udari agur esateko, hernaniar kultur esparruko atal hau gogora ekarriz eta eguneratuz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!