Esan eta egin, 'Maialen'-ek laugarren amaitu du Hondarribiko estropadan

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 9a, 00:00
Txingudiko banderan Hernanik laugarren postua lortu zuen. Argazkia: Fotoguiller.

Urteko estropadarik onena izan zen, bigarren postutik segundo bakarrera.

«Denboraldiko bigarren zatian, helburua izango da koskatxo bat igotzea». Hori izan zen Alex Orena entrenatzaileak Maialen traineruari jarritako helburua eta Estitxu Zabala eta Eider Goikoetxea arraunlariek Kronikari aitortutakoa aurreko astean. Esan eta egin. Hernanik, igandean, Hondarribian sekulako estropada egin zuen eta laugarren amaitu zuen bigarren postutik segundo bakarrera.

Nahi zen salto hori eman zuten hernaniarrek eta konfidantzaz gainezka jarraituko dute lanean datozen estropadetan. Orain zailena geratzen da, postu hori berretsi eta aurreko postuen borrokan mantentzea. Ez da erraza izango, baina arraunlariak saiatuko dira lan horretan. Hondarribian, 14garren Txingudiko banderan, urteko mailarik altuena erakutsi zuten. 

Ziabogan denborarik onena egin zuen Hernanik

Hernani lehenengo txandan irten zen Castro eta Portugaleterekin batera eta inoiz baino errazago irabazi zuten txanda, 11:28.24ko denborarekin. Horrek, itxaropena eman zien postu on bat lortzeko. Bigarren txandako traineruek ziabogan denbora makalagoa egin zuten eta helmugan Ondarroak bakarrik aurreratu zituen hernaniarrak 36 ehunenekoengatik. 

Hirugarren txandako traineruek ere ez zuten lortu Maialenen denbora hobetzea ziabogan eta helmugan Hondarribiak 13 segundoren aldearekin gainditu zituen Ondarroa eta Hernani eta Hibaikak segundoko aldea atera zion Hernaniri. Deusto berriz atzean utzi zuen Hernanik. 

Denbora guztiak kontutan hartuta honakoa izan zen estropadaren sailkapena: Hondarribia (11:14), Hibaika (11:27), Ondarroa (11:27), Hernani (11:28), Zumaia (11:31), Zarautz (11:32), Deusto (11:40), Castro (12:06) eta Portugalete (12:25).

Sailkapen nagusian ez dago aldaketarik eta Hernanik zazpigarren jarraitzen du 42 punturekin. Aurretik Zarautz dago sailkapenean 48 punturekin. Hondarribia da liderra (91 puntu); Hibaika, bigarren (88 puntu); Deusto, hirugarren (72 puntu); Zumaia, laugarren (65 puntu); Ondarroa, bosgarren (55 puntu); aipaturiko Zarautz eta Hernani datoz ondoren eta sailkapenaren azken bi postuetan Castro (20) eta Portugalete daude (14).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!